Iritzia

Liburu bat

Erabiltzailearen aurpegia Mitxel Elortza Exea 2024ko api. 5a, 09:45
Irudia: 'Barruan duguna'

"Egungo gizarteak ez du frustrazioa onartzen. Soilik arrakastarako prestatzen gaitu"

Bizitzako amets handienetako bat bete dut, nire lehen liburua argitaratzea. Barruan duguna ipuin ilustratuak Gau Beltza eta dolua uztartzen ditu. Eta zergatik gai hauek? Alde batetik, Gau Beltzaren ohitura eta baloreak berreskuratzea garrantzitsua iruditzen zaidalako: iluntasuna beldurrak gainditzeko, komunitatea ardatz duen jaia, naturarekiko lotura berreskuratzea, berdintasuna eta rolen haustura… Bestetik, dolua. Gai hau haurrekin lantzea ezinbestekoa dela uste dut eta, gizarte bezala bestelako lanketa eginez. Positiboki, betiere emozio guztiak onartuz, baina oroimenaren hazia loratuz.

Sevillako argitaletxe bat izan da euskarazko ipuina argitaratzeko aukera eman didana

Oso pozik nago, baina ez da prozesu erraza izan. Momentu honetara iritsi ahal izateko ezezko asko jaso dut, Euskal Herriko argitaletxe nagusiek ez baitigute idazle hasiberriei inolako aukerarik ematen. Sevillako argitaletxe bat izan da euskarazko ipuina argitaratzeko aukera eman didana. Haur zein idazle hasiberriak idaztera animatzen ditut. Charles Dickens-ek esaten zuen porrot bakoitzak ikasi beharreko zerbait irakasten digula. Eta horixe azpimarratu nahi nuke gaurkoan. Gaur egungo gizarteak ez du frustrazioa onartzen. Arrakastarako prestatzen gaitu soilik. Baina askotan ez da kontatzen bide malkartsu horretan izaten diren ezezko eta porrotak. Normalizatu eta aldarrikatu ditzagun. Lehiaketa bat ez irabazteak edota argitaletxe nagusiek zure lana ez aukeratzeak ez du esan nahi lan hori ona ez denik. Beraz, idaztea gustuko baduzue, segi idazten. Ezezkoak jasotzen badituzue, segi idazten. Nik gaurkoan liburu bat argitaratu dut.

Liburu bat… besterik ez.

Mitxel Elortza.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide