Iritzia

Harrak eta zomorroak

Erabiltzailearen aurpegia Mitxel Elortza Exea 2024ko ots. 16a, 06:00

Argazkia: Gure Platera Gure Aukera

"Zergatik ez ote da eredu hau gainontzeko eskola publikoetara eramaten?"

Irakasleok eskoletan otordu osasuntsuen inguruko lanketa egiten dugu ikasleekin, garaian garaiko eta bertako produktuen garrantziaz jabetu daitezen. Eskola baratza, proiektuak, hitzaldiak… hamaika jarduera programatzen dira elikaduraren garrantzia azpimarratzeko. Zoritxarrez, kasu gehienetan lanketa horrek ez du zerikusirik izaten jangeletan ikasleek bazkaltzen duten janariarekin.

Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen sare publikoko jantoki zerbitzuan ez da giro. Zomorroak agertu dira Bizkaia eta Gipuzkoako bost eskolatako jantoki menuetan. Eta ez dira jantokietan izan diren arazo bakarrak, duela aste batzuk beste enpresa batek eskaintzen zuen janarian ere harrak aurkitu baitzituzten Arabako hainbat eskolatan. Eusko Jaurlaritza eta enpresak lehorteari egotzi diote oraingoan arazoa, baina argi dago jantoki enpresek eskaintzen duten eredua ezbaian dagoela.

"Gauzak beste modu batera egiteko parada dago. Zalantzarik gabe"

Eskola gehienetan dozenaka kilometrotara kozinatzen den janaria eskaintzen da. Bazkaria gerora eskoletan berotu egiten da, baina ez kozinatu. Hori gutxi ez eta zortzi enpresaren artean banatzen da eskola jangelen merkatua. Behin baino gehiagotan eskatu izan da ikastetxeek eskola-jantokien kudeaketa zuzena izatea, egungo monopolio-egoerarekin amaitzeko.

Gauzak beste modu batera egiteko parada dago. Zalantzarik gabe. Gasteizko udal haurreskoletan, adibidez, bertan kozinatzen diren KM0-ko eta garaiko elikagai osasuntsu eta ekologikoak eskaintzen dira. 2016tik ezaugarri bereko lau proiektu pilotu daude martxan ere Bizkaiako lau herritako eskola publikoetan (Gernika, Urduña, Laukariz, Markina). Ikastetxe hauetan elikagai ekologiko, bertako eta sasoikoekin egiten dira menuak. Zortzi urte pasatu diren arren lehen esperientzia martxan jarri zenetik, oraindik ez da zabaldu aukera hau gainontzeko ikastetxeetara. Zergatik ez ote da eredu hau gainontzeko eskola publikoetara eramaten? Gure haurrek kalitatezko produktuak kontsumitzeko eskubidea dute. Harrak eta zomorroak ortuan edo basoan aurki ditzatela, baina ez bazkaldu beharreko elikagaietan. Lehenetsi dezagun osasuna interes ekonomikoen gainetik.

Mitxel Elortza.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago