VII. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak argitaratu dira. Lehendabizi Nafarroakoak argitaratu ziren, eta duela astebete EAEkoak. Ipar Euskal Herrikoak laster argitaratuko dira ere. Gaurkoan, EAEko datu esanguratsuenen ondorioak dakarzkizuet. Bost multzotan sailkatu ditut aipatu beharrekoak: ezagutza, hiztunen sakabanaketa, euskaldunen erraztasuna, gurasoen transmisioa eta hizkuntza jarrerak.
"Euskaldun gero eta gehiago gara, baina sakabanatuago gaude; eta horrek erabilerari eragiten dio, noski"
Hizkuntza gaitasunari dagokionez, EAEko 16 urtetik gorako %36,2a euskalduna da. Bost urtetan 2,3 puntu hazi da euskaldunen ehunekoa, ia 50,000 hiztun gehiago. Lurraldeka, euskaldunak %22,4 dira Araban, %30,6 Bizkaian eta %51,8 Gipuzkoan. Euskaldun hartzailea da bost biztanletik bat.
Duela bost urteko datuekin alderatuta, euskaldunak 3,2 puntu hazi dira Araban, 3 puntu Bizkaian eta 1,2 puntu Gipuzkoan.
Gune soziolinguistikoei erreparatuz gero, euskaldunen banaketa asko aldatu da azken 30 urteetan. Lehenengo gune soziolinguistikoan (euskaldunak %25 baino gutxiago) euskaldunen herena bizi da, duela 30 urte baino 13 puntu gehiago. Hirugarren gune soziolinguistikoan 6 puntu jaitsi da; eta laugarrenean, ia 10 puntu. Hau da, arnasguneetan euskaldun gutxiago bizi da, eta gune erdaldunduetan, gero eta gehiago. Euskaldun gero eta gehiago gara, baina sakabanatuago gaude. Eta horrek erabilerari eragiten dio, noski. Horregatik da horren garrantzitsua gune erdaldunduetako euskaldunak saretu eta ez sakabanatzea. Haur euskaldunen kasuan berebiziko garrantzia du egoerak.
Erraztasunari dagokionez, euskaraz errazago moldatzen diren euskaldunak 7 puntu jaitsi dira 30 urtetan. Erdal elebidunak, aldiz, 6 puntu igo dira.
Lurraldeka, Araban euskaldunen %8,5a baino ez da hobeto moldatzen euskaraz gaztelaniaz baino, Bizkaian ia %20a eta Gipuzkoan %38,7a. Erdal elebidunen nagusigoa ikusita, errazago ulertu daiteke erabilera eta ezagutzaren arteko arrakala. Hiztun gazte euskaldun gehiago dago, baina hiztun hauek hobeto moldatzen dira erdaraz.
"Araban euskaldunen %8,5a baino ez da hobeto moldatzen euskaraz gaztelaniaz baino"
Gurasoen transmisioari dagokionez, guraso biak euskaldunak direnean, transmisioa ia bermatuta dago. Gurasoetako bat bakarrik euskalduna denean, aitzitik, transmisioa dezente jaisten da: 16-34 urte arteko %57,4ak jaso du euskara, 35-64 urte artekoen artean %50,8ak baino ez, eta 65 urtetik gorakoen artean, laurdenak.
Guraso biak euskaldun berriak direnean %29ak erdaraz baino ez die egiten nahiz eta euskaraz jakin.
Azkenik, hizkuntzarekiko jarrera eta atxikimendua aipatu nahi ditut, datu kezkagarriak azaleratu baititu inkestak: EAEko biztanleen %22,7ak ingelesa ikastea euskara ikastea baino garrantzitsuagoa dela uste du, eta %24,8ari berdin zaio. Irrati eta telebistan ere euskara gehiago izatearen aldekoak erdia baino ez dira, eta %22,7ak ez du euskara gehiago nahi.
Laburbilduz, ezagutza aurrera doa, hiztun gero eta gehiago gune erdaldunduetan sakabanatuta bizi gara, eta gero eta euskaldun gehiago garen arren, euskaldun horiek hobeto moldatzen dira gaztelaniaz. Euskararekiko atxikimendua jaitsi egin da, eta ingelesa bezalako hizkuntzak euskararen aurretik lehenesten dituztenak gero eta gehiago dira.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.