Astelehen honetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak EAEko VII. Inkesta Soziolinguistikoaren (2021) datuak aurkeztu ditu. Txostenak 1991tik gaur egun arte euskarak bizitako igoera "iraunkorra" ondorioztatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
16 urtetik gorako biztanleriari buruzko datu orokorrei erreparatuz, gaur egun 1991. urtean baino 261.000 euskaldun gehiago daude EAEn (guztira 680.629 pertsona), eta biztanleriaren %36,2 euskalduna da; duela 30 urte (419.221 pertsona) baino %12,1 gehiago. Horrez gain, %18,6 euskaldun hartzailea da, eta %45,3 erdalduna.
Hiru lurraldeen artean, gainera, Araban eman da igoerarik nabarmenena, bai duela hiru hamarkadako egoerarekin alderatuta, bai azken hamarkadari dagokionez. Izan ere, gure lurraldeko biztanleriaren %22,4 euskalduna da: %5,6ko igoera 2011ko datuekin alderatuta (%16,8); %9ko igoera 2001eko datuen aldean (%13,4); eta duela hiru hamarkada baino %15,4 gehiago, 1991n arabar euskaldunen ehunekoa %7koa baitzen. Sexuari dagokionez, emakumezko arabarren artean %23,6 da euskalduna, eta gizonezkoen kasuan %21.
Arabarren bosten bat baino gehiago euskaldun izateaz gain, %18,8 euskaldun hartzailea da; hau da, euskaraz nekez hitz egin edo hitz egin ez arren, ondo ulertu edo irakurtzen du. Bestalde, hiru lurraldeen arteko erdaldun kopuru handiena du Arabak, %58,9k ez baitu euskaraz hitz egiten, ezta ulertzen ere. Eta Gipuzkoan ez bezala, Arabako zein Bizkaiko euskaldun gehienek erraztasun handiagoa dute erdaraz egiteko.
Gazteak eta transmisioa
Gainera, inkestaren egileek datu bat nabarmendu dute: eskolaren zein helduen euskalduntzearen eraginez, 16 eta 24 urte bitarteko gazteen %74,5 euskalduna da, 1991n baino %49,5 gehiago. Orain dela 30 urte, 65 urtetik gorakoena zen adin talderik euskaldunena; gaur egun, berriz, euskararen ezagutza apalena duena da, %22,1 baino ez baita euskalduna.
"Edozein hizkuntza gutxituren biziberritzean egon litekeen daturik onena da gazte belaunaldiak euskara ezagutzea. Hizkuntza ordezkapena iraultzen ari denaren adierazle nagusienetakoa da", azpimarratu du Bingen Zupiria sailburuak.
Guraso biak euskaldunak direnean eta bien lehen hizkuntza euskara denean, seme-alaben %98k euskara soilik transmititu du etxean, eta %2k euskara eta erdara. Gurasoetako bat baino ez denean euskalduna eta bere lehen hizkuntza euskara denean, %84k euskara eta erdara transmititu ditu eta %16k erdara.
Euskararen erabilera ere, gora
Bestalde, ezagutzaren eta transmisioaren igoeraz gain, erabileraren hazkundea azaleratu du azken Inkesta Soziolinguistikoak: EAEko biztanleen %21,9k hitz egiten du euskaraz erdaraz beste edo gehiago; 2021ean 412.821 lagun, orain dela 30 urte 271.121 ziren bitartean (%6,4ko igoera).
Erabilerak testuinguru formal zein informaletan egin du gora, bereziki udal zerbitzuetan (% 27,4), lankideen arteko harremanetan (%26,8), osasun zerbitzuetan (%23,1) eta lagun artean (%22,1).
Biztanle gehien bizi diren gunetan gertatu da igoera: lehen gune soziolinguistikoan %4,4, bigarren gunean %6,4, eta hirugarrenean %7,3; herri txikiek osatutako laugarren gune soziolinguistikoan, berriz, erabilera %9,7 jaitsi da.
Horrekin lotuta, 16 urtetik gorako biztanleen %67 euskararen erabilera sustatzearen alde dago (1991n, %55), %26,3 ez alde ez aurka eta %6,8 aurka. Gainera, %74,7k uste du administrazio publikoan sartzeko euskara jakin beharko litzatekeela; %89,3k deritzo haur guztiek euskara ikasi beharko luketela, eta %49,3k uste du irrati edo telebistek euskarazko programa gehiago igorri beharko lituzketela.