Pantailaldia: asteburua euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Mitxel Elortza Exea 2022ko aza. 14a, 20:00

Protesta Yelmo Boulevard zinema aretoetan, igandean. / Argazkia: MITXEL ELORTZA

Aurrera doa Pantailaldia, euskarazko ikus-entzunezko edukien kontsumoa bultzatzeko ekimena. Asteburua igarota, hona hemen Mitxel Elortzak larunbatean, igandean eta astelehenean zehar plazaratutako gomendioak.

01 Euskarazko film bat

Larunbat goiza euskarazko film bat haurrekin batera ikusten pasa nahi duzu? Sartu EITB Nahieran atarian eta zure gustukoena aukera dezakezu!

02 YouTube Kids euskaraz

Bideo honetan YouTube Kids nola konfiguratu ikusiko dugu, haurrek euskarazko edukietan bakarrik nabigatu ahal izan dezaten. Guk ere euskarazko edukiekin konfiguratuta dugu:

03 Ipuin bat

Pantailaldian zehar egunero ipuin bat eskegiko dut, eta zenbait gai jorratuko ditut: emozioak, mitologia eta euskal kultura, autonomia, partekatzea, enpatia... Bigarren ipuina: Hiru sorginak eta morroia. Ipuinaren bidez gauzak baimenik gabe hartzeak ondorioak dituela ikasiko dugu. Horrez gain, baserriko lanean eta sorginen mundu misteriotsuan murgilduko gara.

04 Erreportaje bat

Gogo handia nuen gaurko Ur Handitan: Prestige, 20 urte saioa ikusteko. Zoritxarrez, ez dut uste esna aguantatuko dudanik (bihar ikusiko dut nahieran). Ezin dut ulertu nola jartzen duten horrelako programa puska hain berandu, 22:00etan Pandero Jaialdia emititzen duten bitartean.

05 Protesta bat: "Zinema Euskaraz"

Gasteizen ere euskaraz filmik proiektatzen ez duen Yelmo Boulevard zinema aretoetan bildu gara.  Kexa online enpresari jartzeko gomendatu digute langileek. Jarri zuk ere zure kexa honako estekaren bidez.

06 Beste ipuin bat

Eta untxiak entzun, hirugarren ipuina. Batzuetan besarkadek hitzek baino gehiago diote. Ipuin honen bidez enpatia landuko da, eta baita norbere espazioaren garrantzia ere. Ondoan egotea ezer esan gabe, baina hor egoten, hor dago koska.

07 Film bat euskarazko azpidatziekin

Erizain ona filma jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin ikus daiteke Netflix-en. Charles Cullen serieko hiltzaileari buruzko filma da. 300 gaixo hil zituen erizain gisa egindako 16 urteetan. Azaroko astelehen euritsurako plan bikaina da!

08 Erreportaje bat

Euskararen historiarentzat mugarria izan daitekeen aurkikuntza egin du Aranzadik. K.a. I. mendeko brontzezko eskua agertu da inskripzioekin. Orain arte agertu den euskal testu luze eta zaharrena da. Hona hemen ARGIAk argitaratutako bideoa:

 

Pantailaldia ekimenaren Arabako boluntario gisa arituko da Mitxel Elortza azaroaren 11tik 18ra, bere sare sozialetan, baina baita ALEAren bitartez ere. Bere artikulu guztiak hemen izango dituzue ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago