Orduko kontakizuna, hemen: "Nola hondatu igande goiz eder bat". Abenduaren 28an jaso dut Elebideren erantzuna. Tira, izatez, Udaltzaingoaren erantzuna da, Elebidek mandatari-lanak baino ez baititu egiten, bitartekariarena; ez dela "bustitzen", alegia.
Harrigarriro, hizkuntza eskubideak urratzeagatik jarritako kexa batean, Udaltzaingoak, kasik lau hilabete pasa ondoren, erantzuna espainol hutsez bidali du (Elebidek azaltzen dit, bere idazkian, zer dioen Udaltzaingoaren erantzunak; eskerrik asko). Elebideri proposatuko diot Udaltzaingoaren aurkako kexa bat aurkez dezala… Elebiden bertan adibidez (autokexa).
Umiliatuta, babesik gabe, sentitu nintzelako jarri nuen kexa. Dena den, auziaren muina isunaren papera izan zen, gaztelaniaz idatzi baitzidaten. Erantzunean, Udaltzaingoak dio dokumentua elebitan zegoela, baina ez da egia: inprimaki-eredua bai, jakina, baina udaltzainak gaztelaniaz bete zuen: "No haber pasado la ITV en el plazo reglamentario".
Erantzunean alferrik bilatu dut "perdone las molestias", "disculpe". "lo sentimos", "no volverá a ocurrir", lerro arteko keinu edo hitz abegikorrik… ("enpatia" esaten zaio orain?).
Gasteizko Udalak Hizkuntza eskubideei buruzko Donostiako Protokoloa sinatu zuen? Txantxagorriaren Eguneko adierazpena sinatu zuen? Zer ez dezake egin Udaltzaingoak euskararen alde?