Nola hondatu igande goiz eder bat

Erabiltzailearen aurpegia Martin Rezola 2016ko ira. 9a, 10:15

"Zergatik ez du Udalak bermatzen patrulla guztietan udaltzain euskaldun bat, gutxienez, egon dadin?"

Igande goiza (07:45h). Gaur ere bero itogarria iragarri dutenez, goiz noa mendira, eguzkipean ez kixkaltzeko. Alkoholemia-kontrola Basoa kalean. Udaltzainek isuna jarri didate IAT-ITV garaiz ez pasatzeagatik (ondo jarri ere, hilabete batzuk pasa baitira epea amaitu zenetik).

 ………………………………………

 Baina isun-agiria euskaraz eskatu dudanean, orduan hasi dira komeriak:

 

−¿Acepta la multa?

−Euskaraz idatzita badago, bai.

−No estamos obligados.

−Bai, obligazioa duzue, nik eskatuz gero. Eta zuk ezin baduzu, deitu lankide bati.

−Bueno. Entonces tendrá que esperar una hora.

−Ados. Itxarongo dut. (Agur mendiko txangoari…)

 

(tik-tak, tik-tak… handik 20 minutura…)

 

−Es absurdo que sigamos así. Si usted entiende el papel, lo firma y ya está.

−Absurdua zuretzat da. Niretzat oso inportantea da. Zure jefearekin hitz egin nahi dut. (Badoa jefearen bila.)

 

Kaboa etorri da, eta berriz ere ordu bat itxaron beharko dudala esan dit. Nik dagoeneko 30 minutu daramatzadala zain. Eta, orduan, ez dela posible esan dit. Nik nire eskubidea dela, hark eskubidea bai, baina "ahal bada" bakarrik, bestela ez. Batek baietz, besteak ezetz, azkenean kontrola ixteko ordua dela eta badoazela. 45 minutu pasa eta gero, banoa handik, isuna eskuan, gaztelaniaz.

 

Nola liteke, 2016an, Gasteizko Udaltzaingoa gai ez izatea isun triste bat euskaraz jartzeko?

 

Zergatik ez du Udalak bermatzen patrulla guztietan udaltzain euskaldun bat, gutxienez, egon dadin? (10 bat morrosko gazte nituen inguruan, eta paperean "ez du ITV pasa" idazteko ez da filologoa izan behar.)

 

Martin izena utzi eta Martiri bihurtzeko batere gogorik ez badut ere, eskubide linguistikoen gai hau lehen lerrora ekartzea komeni zaigula uste dut. Beste toki batzuetan hala egiten dute, horren aldeko pedagogia lantzen dute, eta ez du ematen hain gaizki doakienik. Bitartean, ezin sinetsirik egongo gara: “Euskara, zure aukera”, bai zera...

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago