Irakurri duzu? Manex Agirre horrek idatzi du ALEAn. Ez da beste munduko ezer: Aramaioar bat AHTaz gaizki hizketan, a ze nobedadea, azkenaldian isilik zebiltzan baina; enfin, gizarajoak, ondo-ondotik pasako zaie eta, normala matrakan aritzea, baten bati tokatu behar zitzaion… Ez dut pentsatu ere egin nahi gure etxe ondotik pasako balitz, a ze marroia, protesta egin behar, indarrak nola doazkigun ahitzen ikusi behar, eta gero frustrazioa, total, ezertarako balio izan ez duela pentsatzen duzu, hasieratik isilik egonez gero hobe, deskantsatuago leudeke aramaioar horiek.
Bueno, normala da, andre horri pasa zaiona ere ez da bromatan hartzekoa, baserripetik trena pasa, sekulako obra egin, eta gero lurra mugitzen hasi, jausten hasi, gaua etxetik kanpora pasa behar. Espero izatekoa zen orain zerbait idaztea, atentzioa deitzeko edo izango da, ezin besterik egin. Egia esan, hotzikara ematen du, osasuna galdu duela dio, eta sinesten diot, edozeinek galduko luke.
Baina tira, gero kontatzen dituenak ez daude gaizki, anekdotario moduko hori: nola zurrumurruak dauden, Aramaiotik Bizkaia aldera, Udalaitz mendia erdi-erditik pasatzen duen tunelaren barruan, todoterrenoan ibiltzen den gazte jendea, eta beldurgarria dela han barruan nolako galeria dagoen… Niri Mugitukoek antolatu zuten bizikleta-martxa hura gogorarazi dit, “munduko bidegorririk garestienean”… Eta nola, Aramaioko lurren desjabetzeetan, ordaindu zuten metro karratua arrazoiz kanpoko prezioetan, lehenengoetakoak izan baitziren, eta jendeak zarata gutxiago ateratzea interesatzen baitzitzaien… Dena dela, bukaera behartu samar geratzen zaio, paradoxa bat dela esaten duenean 2016ko Jaurlaritzaren ingurumeneko aurrekontuaren erdia baino gehiago AHTrako izatea.
A, irakurri egin nahi duzula artikulua? Benetan? Ez du merezi, ez da beste munduko ezer… Tira, pasako dizut esteka, hemen duzu, egin klik.