Paisaia jendartearen unean uneko errealitatearen erretratu bizia da; liburu bat, irakurri nahi duenaren eskura.
Irakur liteke populazio baxuko eremu bateko lantegi baten itxiera landa lurren abandonuan. Irakur liteke presidente aldaketa bat basoak mozteko eran. Irakur liteke bizikletan ibiltzeko aplikazio baten eragina mendiak dituen bidezidor kopuruan. Irakur daiteke palestinarren egoera olibondo eraitsietan eta kutsatutako uretan.
Badira 6.000 urte euskaldunok lehen aitzurra hartu genuenetik, eta ordutik etenik gabe aldatu dugu paisaia. Hala ere, aldatu, benetan aldatu, azken milurtekoan egin dugu bereziki. Dakitenek diote XIII. mendeaz geroztik esponentzialki handitu dela ingurunean dugun eragina. Garai hartan sortu genituen burdinolek, geroko gerrateek, populazioaren etengabeko igoerak eta beste hainbat aldaketa handik erabat zuhaitz-gabetu omen zuten Euskal Herria. Pentsa, zuhaitz gabe gelditzen ari zirela-eta, 1332an zenbait arabarrek eskaria egin zioten Alfonso XI. erregeari burdinola gehiago eraikitzeko baimenik eman ez zezan. Azken batean, zuhaitzak beharrezko lehengai zituzten etxeak eraikitzeko eta berotzeko, ganaduari bazka emateko, pertsonen elikadurarako, tresnak egiteko, errituetarako... Gaur bezala lehen ere, zelaiak, soroak, zuhaitzak eta ura ziren egunerokoaren oinarri.
Egoeraren larritasunak bultzaturik, 1546an ordenantza agindu zuen Aramaioko Udalak 7.300 hektareako herri puska erabat zuhaitz gabe gelditu ez zedin: herritar bakoitzak derrigor landatu behar zituen bi zuhaitz urtean, azaroko, abenduko edo urtarrileko ilbeheran.
Lur komunalen galerak ginga jarri zion basoen soiltze prozesuari; Kantauri isurialdean behinik behin. Historialariek baieztatzen dute XIX. mendean izan duela Euskal Herriak inoizko baso azalera txikiena. XX. mende hasierako argazkiak ikusi besterik ez dago ideia hori baieztatzeko. Zelaiak eta soroak denean.
Gerora, baina, mende biren ostean, basoek menderatzen dute paisaia. Lapurdin dago zuhaitz gutxien, azalera osoaren %34,28 da baso, eta Gipuzkoan gehien, %62,14. Bizkaian eta Gipuzkoan azkarra izan da aldaketa; industriaren gorakada eta Lekeitioko familia baten afizioa tarteko, abiada bizian aldatu baitzen paisaia. Izan ere, Adan de Iartzatarrek 1870ean landatutako lehen insignis pinudia eta 1887ko lehen eukaliptadia garai berri baten hasiera izan ziren; orain kolokan dagoen garaia, hain zuzen.
Herriaren zapalkuntzak eta erresistentziak ere idazten dira paisaiaren orbainetan, noski. Esaterako, Luis I. erregeak Aramaio eta Zuiako haritz tantai handiak lapurtu zituen 1724an, herritarren protesten aurrean, gudarako lau fragata eraikitzeko. Bi mende geroago, aldiz, Aramaioko herritarrak eurak izan ziren Añebarriko zumarrak bota zituztenak, 1936ko uztailaren 18an, frankistek eraitsi berri zuten zubia berehala eraiki eta erresistentzia antolatzeko.
Aldaketa konstante bat da, eta paisaia, ondorio. Landu dezagun oraina, etorkizuneko paisaiak haritz tantaiak ezagutu ditzan eta zumarrez eraikitako zubiek iraun dezaten. Zaindu ditzagun lur komunalak, etorkizuna lur emankorretan errotu dadin.