Aste honetako tailerretan 54 lagunek kontzienteki erabaki dute Ahobizi edo Belarriprest izatea

Erabiltzailearen aurpegia Lautadako Euskararen Komunitatea 2018ko uzt. 6a, 07:29

Burgelun, Agurainen, Narbaizan, Etxabarri-Urtupiñan eta Zalduondon egindako 5 tailerretan herritarrek kontzienteki erabaki dute zein portaera eramango dute aurrera azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte. Ahobizi eta Belarripresten arauak, funtzioak, nahiak, zailtasunak eta aukerak azaltzeaz gain, ezagunekin nola adostu, elkarrizketa elebidunetan trebatu gara.

Aste honetan Burgelun, Agurainen, Narbaizan, Etxabarri-Urtupiñan eta Zalduondon egindako 60 minutuko tailerretara hurbildu ziren 54 herritarrek kontzienteki erabaki zuten zein portaera eramango dute aurrera azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte.

Ahobizi eta Belarripresten arauak, funtzioak, nahiak, zailtasunak eta aukerak entzun ondoren hainbat zalantza argitu genituen. Jarraian, norberak bere hurbileko harremanen mapa osatu zuen. Aste batean zehar, ohiko harremanak ditugun ezagunak zerrendatuta argiago ikusten dugu non egon daitezkeen rol baten edo bestearen portaera linguistiko berriak aurrera eramateko zailtasunak. Rolen arauak ezagututa eta norberaren borondatea eta errealitate linguistikoaren arabera Ahobizi eta Belarriprest gisa izena emateko aukera izan zuten. Izena emateko orria bete eta bertan jaso genuen.

Geratzen diren hilabete hauek funtsezkoak dira norberak bere espazio linguistikoa prestatzeko: familia, kuadrilla, lankideak, bestelako ezagunak. Hori da, hain zuzen ere, bakoitzak egin beharrekoa, ingurukoei gure asmoak azaldu eta proposatu horiei Ahobizi eta Belarriprest gisa izena eman dezaten. Gure eguneroko espazio linguistikoa prestatzen badugu askoz erosoago ibiliko gara 11 egun horietan. Atzo tailerrean horretan trebatu ginen, bikoteka jarrita, batek beste bati azaldu behar izan zizkion beren asmoak, zer den Euskaraldia eta Ahobizi-Belarriprest metodologia azaldu eta proposamena egin.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte elkarrizketa elebidunak (bat euskaraz eta bestea erdaraz) izan daitezke ezohizko egoerarik berriena. Garrantzi handikoak dira balio eraldatzailea baitute. Tailerrean ere horretan trebatu ginen, bikoteka, egoera ezberdinetan jarrita, bat euskaraz eta bestea erdaraz elkarrizketan aritu ziren. Praktika da bide bakarra ohiturak aldatzeko.

Azkenenik, lehenengo hitzak euskaraz egitearen garrantzia azaldu genuen. 11 egun horietan, euskara, norberaren defektuzko hizkuntza izan behar da. Ezezagunekin, harreman berri bat eraikitzen dugun lehenengo hitzekin. Euskaraz hastea euskarazko atea irekitzen du eta betirako izan daiteke.

Tailerrak ere balio izan zuen herriko batzuen artean elkar ezagutzeko, eta euskaraz ezagutzeko.

Izena eman zuenari txapa txiki bat eman genion: “Ahobizi izango naiz. Eta zu?” dioen txapa, edo “Belarriprest izango naiz. Eta zu?“. Azaroaren 22ra arte jantzita eramatea proposatzen dugu, aitzakia bezala, eguneroko bizitzan rol berria sozializatzeko helburuarekin.

Tailerraren balorazio positiboa egin zuten. Pozik eta konfiantza gehiagorekin atera ziren tailerretik.

Lautadan zehar 14 tailer eskaini ditugu uztailaren erdira arte, herritarrek izena eman ahal izateko.
Hurrengo astean Eturan, Erentxun, Ilarduia eta Gereñun egingo ditugu.

Link honetan tailer horiek ikusiko dituzu eta izena eman ahal duzu:
https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSeuKodAFyszWISch-3XyKJaylOXFG-t0oDMc-r-ectldEz0EA/viewform?usp=sf_link

Ahobizi edo Belarriprest gisa izena eman nahi baduzu tailer batera etorri behar duzu. Garrantzitsua da!




 






ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide