Araiako tailerrean rol bakoitzaren arauak ezagututa praktikan ipini ditugu

Atzo, Araiako tailerrera hurbildu ziren herritarrek kontzienteki erabaki zuten zein portaera eramango dute aurrera azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte. Ahobizi eta Belarripresten arauak, funtzioak, nahiak, zailtasunak eta aukerak entzun ondoren hainbat zalantza argitu...

Atzo, Araiako tailerrera hurbildu ziren herritarrek kontzienteki erabaki zuten zein portaera eramango dute aurrera azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte.

Ahobizi eta Belarripresten arauak, funtzioak, nahiak, zailtasunak eta aukerak entzun ondoren hainbat zalantza argitu genituen. Jarraian, norberak bere hurbileko harremanen mapa osatu zuen. Aste batean zehar, ohiko harremana dugun ezagunak zerrendatuta argiago ikusten dugu non egon daitezkeen rol baten edo bestearen portaera linguistiko berriak aurrera eramateko zailtasunak. Rolen arauak ezagututa eta norberaren borondatea eta errealitate linguistikoaren arabera Ahobizi eta Belarriprest gisa izena emateko aukera izan zuten. Izena emateko orria bete eta bertan jaso genuen.

Geratzen diren hilabete hauek funtsezkoak dira norberak bere espazio linguistikoa prestatzeko: familia, kuadrilla, lankideak, bestelako ezagunak. Hori da, hain zuzen ere, bakoitzak egin beharrekoa, ingurukoei azaldu bere asmoak eta proposatzea horiek ere Ahobizi eta Belarriprest gisa izena emateko. Gure eguneroko espazio linguistikoa prestatzen badugu askoz erosoago ibiliko gara 11 egun horietan. Atzo tailerrean horretan trebatu ginen, bikoteka jarrita, batek beste bati azaldu behar izan zion zer zen Euskaraldia eta Ahobizi-Belarriprest metodologia eta proposatu behar zion ea izena ematen zuen.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte elkarrizketa elebidunak (bat euskaraz eta bestea erdaraz) izan daitezke ezohizko egoerarik berriena. Tailerrean ere horretan trebatu ginen, bikoteak egoera ezberdinetan jarrita bat euskaraz eta bestea erdaraz elkarrizketan aritu ziren. Praktika da bide bakarra ohiturak aldatzeko.

Tailerrak ere balio izan zuen herriko batzuen artean elkar ezagutzeko, eta euskaraz ezagutzeko.

Izena eman zuenari txapa txiki bat eman genion: “Ahobizi izango naiz. Eta zu?” dioen txapa, edo “Belarriprest izango naiz. Eta zu?“. Azaroaren 22ra arte jantzita eramatea proposatzen dugu, aitzakia bezala, eguneroko bizitzan rol berria sozializatzeko helburuarekin.

Lautadan zehar 12 tailer eskaintzen ditugu uztailaren erdia aurretik, herritarrek izena eman ahal izateko.

Link honetan 12 tailer horiek ikusiko dituzu eta izena eman ahal duzu:
https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSeuKodAFyszWISch-3XyKJaylOXFG-t0oDMc-r-ectldEz0EA/viewform?usp=sf_link

Ahobizi edo Belarriprest gisa izena eman nahi baduzu tailer batera etorri behar duzu. Garrantzitsua da!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago