Iritzia

Betorik ez

Erabiltzailearen aurpegia Karla Pisano 2026ko maiatzaren 22a

Argazkia: ALEA

"Nola hitz egin dezakegu txosnen izaera ireki eta parte hartzaileaz?"

Sinesgaitza da. Seigarren urtez sarrera ukatu zaie txosnetan Etxebizitza Sindikatu Sozialistari eta Gasteizko GKS-ri. Sei urte asko dira, eta kolektibo horietan parte hartzen dugun kideoi nekezak egin bazaizkigu ere, denboraren igaroak gauza bat utzi du argi: ez dago inolako justifikazio arrazionalik gure parte hartzea ekiditeko, eta hemen inposatu nahi dutena beto politiko bat da. Herri Mugimenduko eragile eta norbanako askok gure parte hartzea bermatu dezakeen konponbidearen aldeko jarrera erakutsi duten bitartean, ezker abertzalea tinko mantentzen da bere ezezkoan. Argudiatu gabeko ezezkoa gainera; indarrez eta irrazionaltasun osoz inposatzen dutena. Nire partetik, galdera batzuk utzi nahiko nituzke airean, hausnarketa minimoenak ondorio berdinera eraman gaitzakeelakoan nagoelako, bada, betoa altxatu beharra dagoela.

Nola mantendu hasieran txosna batzordeak erabili zituen argudio teknikoak (espazio falta, adibidez) sei urteetan zehar eragile gehiago sartu badira? Nola sostengatu daiteke Mugimendu Sozialistaren ustezko jarrera gatazkatsua errealitateak erakusten badu beste dozenaka txosnagunetan parte hartzen dugula, eta, are gehiago, txosna batzordea osatzen duten zenbait eragilerekin dinamika partekatuak ditugula? Nola justifika daiteke Gasteizko gazte andana biltzen dituen eragile bat kanpo uztea (zeinak lan ekarpen aparta egingo liokeen batzordeari) txandalari falta dagoela baieztatzen den bitartean? Nola hitz egin dezake Ernaik "Gazte karpaz" Gasteizko gazte militanteen kopuru oso handi bat kanpo uzten duenean? Nola demontre iruditu dakioke ezein pertsonari onargarria etxegabetzeak gelditu, milaka pertsona artatu eta milaka euroko isunak dituen Etxebizitza Sindikatuari sarrera debekatzea? Nola hitz egin dezakegu txosnen izaera ireki eta parte hartzaileaz sarbidea norgehiagoka sektarioaren logikari jarraiki mugatzen badute? Nola da posible GKS eta Etxebizitza Sindikatua Gasteizko beste auzoetako jaietan normaltasun osoz parte hartzen egotea eta Gasteizko jaietan ez?

Nola da hau guztia posible? Nik argi dut: hau posible egin duena ezker abertzalearen baitan dauden zenbait sektoreren logika sektarioa gailendu izana da. Ez da logika konpartitu bat, eta jende askorentzat erantzunezinak dira galdera horiek eta sostengaezina beto politiko hau. Eman diezaiogun bidea konponbideari. Gertatu daitekeen txarrena indartsuagoak, jendetsuagoak eta anitzagoak izan daitezkeen jai herrikoiak dira, eta ez gaude halako aukera bat mesprexatzeko garaietan.

Karla Pisano.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago