Greba orokorrerako deiek langile klase osoa interpelatzen dute, eta ardura politikoa galdegiten dute greba deitzen duten zein grebara deituak dauden langileen artean. Gaur gaurkoz, ez da grebarako arrazoirik falta: soldata errealaren aurkako ofentsiba, lanaren prekarizazioa, etxebizitza krisia, zerbitzu publikoen kaskartzea... Ofentsiba ekonomiko guzti hau, gainera, estatuen biraketa gerrazale eta autoritarioarekin bat dator, zeinak Trump duen bloke inperialista eta genozida mendebaldarraren sintesi tamalgarriena. Komunistontzat, agian greba orokorra izan zenaren ideia zaharkitu bati jarraiki, halako zita garrantzitsuek klase borroka hedatzeko balio beharko lukete; hots, langile klasea indartuago eta antolatuago atera beharko litzateke greba prozesu batetik, eta greba bera zilegituagoa langileon eskuetan dagoen borrokarako tresna gisa.
Horrek guztiak baldintzatu egiten ditu greba orokorren forma eta aldarriak. Eta jakina da martxoaren 17rako Euskal Herriko sindikatu nagusiek egin duten deialdiaren zenbait alderdirekin gure kezkak ditugula. Nabaria da greba orokor honen edukia, erritmoak eta deialdia estuki loturik daudela zenbait alderdiren agenda parlamentarioarekin, eta beraz, kontzientziazioa, agitazioa eta antolakuntza bigarren plano batean geratzen ari direla. Baina greba aho batez eta monolitikoki babestearen eta grebara ez batzearen edota inkluso boikotatzearen artean gris tonalitate asko daude. Eta langile klasearen aniztasunak lekua izan beharko luke langile klase osoa lanuztera deitzen duen egun horretan. Kontrakoa pentsatzea korporatibismo hutsa da, eta mesede gutxi egiten dio grebari.
Horregatik, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak grebara batzeko hautua egin du, eta bere ekarpena klase borroka hedatzeko lan egitera bideratuko da. Bide horretan, beste eragile eta sindikatuekin batera manifestazioak deitu ditugu Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian, gure egitekoa aldarri konkretutik haragoko irakurketa antikapitalista eta antiinperialista dela ulerturik baikaude. Hau da, klase borroka hedatzea hiru zentzuetan: greba ahalik eta lanpostu gehienetan antolatu, desmobilizazioa nagusitu ez dadin eta langile klasea antolatuago atera dadin zita honetatik; grebaren aldarrikapen markoa zabaldu, mezu internazionalista gailendu dadin ofentsiba inperialistaren garaiotan; eta azkenik, klase elkartasunaren printzipioaren baitan lan egin, guztiontzako kalitatezko lan eta bizi baldintzen aldeko borrokara sektore anitzak batuz.
Karla Pisano.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.