Iritzia

Labraza

Erabiltzailearen aurpegia Karla Pisano 2025eko abenduaren 12a

Argazkia: ALEA

"Erraldoirik ez dugu ikusten errotetan, atzeko erraldoi energetikoak baizik"

Labrazako eolikoen makroproiektua martxan da, eta laster obra baimen definitiboa jasoko du. Larria litzateke hori, ez soilik ingurunean izango dituen ondorio kaltegarriengatik, baita ezarriko lukeen aurrekari arriskutsuagatik ere. Izan ere, argi berdea jasotzeko zain dauden beste dozenaka proiektu daude artxibadorean gordeta, "trantsizio ekologikoaren" izenean gure lurrak eolikoz eta gutxi batzuen patrikak diruz betetzea xede dutenak. Labrazako planaren aurka artikulatu dezakegun indarra, beraz, erabakigarria izango da datozen urteetan.

Hiru beso eta enbor luze bat; ez dirudi gauza handirik. Kixotek lantzakadaz erasotu zituen errotak erraldoiak zirelakoan, eta zenbaitzuek Kixoteren erokeria berbera diagnostikatu nahi izan digute halako proiektuak kritikatzen ditugunean. "Errotak besterik ez dira, energia berdea sortuko dutenak", diosku green new deal-aren defendatzaileak. Baina guk ez dugu erraldoirik ikusten erroten lekuan, guk erroten atzean dauden erraldoi energetikoak ikusten ditugu; guk diruaren bidea jarraitzen dugu, eta ondotxo dakigu green new deal-ak gehiago duela deal-etik green-etik baino. Gure lantzak ez du errota seinalatzen, enpresariak eta haien zerbitzura dauden politikariak seinalatzen ditu. Hori egitean, argi geratzen da Labrazako eolikoen makroproiektuan zentzugabekeria dela nagusi.

Erabateko sinbiosian, alderdi guztiek –bai, guztiek– alfonbra gorria jartzen diote Europako funtsak hustu eta alde egingo duen burgesiari

Ez dago energia produkzioaren eta kontsumoaren inguruko arrazoiketa eta planifikazio arrazionalik (non produzituko dugu, zein baliabiderekin, nola banatu kontsumoa...) bere ordez, funts publiko europarretik dirua ateratzeko estrategia enpresariala dugu. Are gehiago, instituzio publikoen eta enpresarien arteko paktu sendo bat aurkitzen dugu ("kolaborazio publiko-pribatua" gorbatadunen hizkeran). Erabateko sinbiosian, alderdi guztiek –bai, guztiek– alfonbra gorria jartzen diote Europako funtsak hustu eta alde egingo duen burgesiari. Hori da krisi betean dagoen Europan enpresariek aurkitu duten negozio aukera paregabea: logikarik ez duten proiektuen bitartez trantsizio ekologikora bideratu behar ziren funtsak bereganatu, eta, bitartean, armagintza industria indartu.

Perspektiba honetatik, proiektuok sortuko duten ezein kalte ekologiko, sozial edo ekonomiko da guztiz onartezina. Jakitun gara bizitzeko, energia produzitzeko edota ia edozein giza jarduerarako natur baliabideak kontsumitu behar direla, neurri txikiagoan bada ere. Baina utz diezagutela langileoi erabakitzen zein kalte eta non asumitzeko prest gauden, behar sozialen parametroetan kokaturik, eta ez gutxi batzuen etekinen parametroetan.

Karla Pisano.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago