Iritzia

Gerra eta bakea

Erabiltzailearen aurpegia Karla Pisano 2025eko urriaren 10a

Palestinaren aldeko mobilizazioa, Angoston. Argazkia: PHOT.OK /ALEA

"Ezinezko erabakia: ez onartu eta masakratuak izan, edo onartu eta motelago hil"

Posizio bakezaleek gerran interes gehien dutenen esku uzten dute bakea zer den eta nola lortuko den ebaztea. Palestinan gerra amaitu dadin oihukatzen dute milioika lagunek mundu osoan zehar, eta mendebaldeko politikariak ezeroso sentitzen hasiak zirenean, Trumpen "bake" akordioa heldu da. Plan horrek, ordea, palestinar herriaren erabateko kolonizazioa eta ezabapena dakar; estatu bat osatzeko beharrezkoak liratekeen elementu guztien suntsipena (subiranotasun politiko eta ekonomikoa, nortasun kulturala...), Israelen Zisjordaniaren gaineko kolonizazioa eta estatubatuarrek kontrolatutako gobernu koloniala baitira balizko estatu bat sortzeko aurrebaldintzak. Hau da, fartsa hutsa. Palestinarrek ezinezko erabakia hartu behar dute: ez onartu eta masakratuak izan, edo onartu eta motelago hil.

"Gerra eta bakea, biak praktikatzen ditu diplomazia burgesak maisutasun handiz, baina beti langileon interesen kontra"

Orduan, zergatik ari da zabaltzen mendebaldeko agintarien artean (PSOE barne) plan horrek bakerako esperantza berri bat ireki dezakeenaren ideia? Bada, gerra-bake dikotomiak, posizio moral egoki bat adieraztetik harago, ez duelako errealitatea ekoizteko nahikoa indar. Ezer zehaztu ezean, interes inperialistak dituzten eta genozidio hau baimendu dutenen eskuetan uzten dugu gerra zergatik den eta bakea zertan datzan zehaztea. Hala, egun errepikatzen duten markoak dio gatazka Hamasek sortua dela, eta gatazkaren bukaera Hamasik gabeko Palestina bat litzatekeela. Soluzioa beraz, bi estatu, bata Israelentzat eta bestea "purgatu osteko" Palestinarentzat. Bi estatuen aldeko posizioak, egun, mota honetako erokeriak baimentzen ditu; Hego Afrikako apartheidarekin bukatzeko beltz eta zurientzako estatu bana sortu behar zela defenditzearen neurriko erokeria.

Gerra eta bakea, biak praktikatzen ditu diplomazia burgesak maisutasun handiz, baina beti langileon interesen kontra. Palestinaren kasuan, zer da gerra, ez bada kolonizazioa? Eta zein bake, deskolonizazioa ez bada? Estatu sionistaren desegiteaz hitz egin behar dugu, eta entitate sionistari aurre egin dion erresistentziaren defentsa egin. Israel desegin eta erresistentzia antikoloniala babestu; aldarrikapen horiek soilik, eta ez diskurtso bakezaleek, azaleratu dezakete burgesia mendebaldarraren "bake planen" faltsukeria eta, masiboki zabaldu ezkero, hobetu ditzakete baldintza politikoak hemen zein negoziaziorako baldintzak Gazan bertan. Orduan, bakezaleak diosku utopikoak garela, hori gehiegi eskatzea dela, eta nik erantzun, ez ote den inozoagoa kapitalismoan gerren amaiera eskatzea gerrak produzitzen dituzten baldintzez kargu hartu gabe.

Karla Pisano.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago