Bosgarren urtez Gasteizko Etxebizitza Sindikatua eta GKS txosnetatik kanpo geratuko dira. Ulergaitza da Txosna Batzordearen erabaki hau, are gehiago, jasotako geroz eta babes zabalagoari esker, pasa den urtean batzordeak gaia berrikusteko ardura publikoki hartu eta gero. Kurtso honetan zehar, batzordearen parte diren bi eragilek bi proposamen ezberdin aurkeztu dituzte. Horien oinarrian ideia amankomun bat zegoen: printzipio erreakzionarioak defenditzen ez dituen eragile politiko orok txosna izateko eskubidea du, baita Mugimendu Sozialistak ere; beraz, eragile hauek kanpoan uzteko arrazoia balizko konfiantza falta baldin bada, –konpromiso amankomunak beteko ez dituztela, adibidez– bitarteko konkretuak jarri behar dira konfiantza hori frogatu ahal izateko. Biak aurkeztu ziren eta biak bozketa bidez guztiz baztertu. Horretan ezinbestekoa izan da Ezker Abertzalearen botoa, baina baita Jardun koordinadorarena ere.
Mugimendu Sozialista kanpoan uzteko argudio nagusia bere ustezko izaera gatazkatsua da, baina, aldi berean, mugimendu honen parte diren eragileek Euskal Herriko hainbat txosnagunetan normaltasun osoz parte hartzen dute; aldi berean, kanpo utzi nahi gaituen Jardun koordinadorarekin hainbat espazio partekatzen ditugu eta dinamika politikoak aurrera eramaten ditugu... Ustezko izaera gatazkatsua baldin bada arrazoia, zergatik baztertu dira hori kudeatzea helburu duten proposamen guztiak? Oinarrian dagoena ez da hori, beto politikoa baizik. Espazio politiko jakin batzuek indar korrelazio aproposa aurkitu dute Mugimendu Sozialistaren zabalpenari eta ikusgarritasun sozialari oztopo bat jartzeko. Eta ezkutuan egin ahal badute, askoz hobeto. Publikoki defendaezina zaielako asaldatzen dira hainbeste auzia plazaratzen dugunean, gaur gaurkoz, debekua mantentzeko argudio nagusienetako bat debekua bera salatu izana izateraino.
Txosnaguneak beti izan dira ikuspegi eraldatzailea duten eragile eta norbanakoen topaleku, inoiz ez familia politiko bakar baten ondare esklusiboa. Ez dugu zertan ados egon, ez dugu zertan ikuspegi estrategikoa partekatu, eta are gehiago, gure arteko kritika politikoak zilegiak eta beharrezkoak dira. Erreakzioa nagusi den testuinguru honetan, eta txosnaguneak bezalako espazioak auzitan jartzen dituzten politikari eta enpresariak biderkatzen ari diren honetan, milaka gazte komunista antolatzen dituen mugimendu bat kanpoan uztea epe motzeko lehia korporatiboari eusteko erabaki egokia iruditzen zaie batzuei, baina, hipoteka politiko ordainezina bilakatu daiteke epe ertainean.
Karla Pisano.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.