Gasteizko Alde Zaharrean bizi diren hiru familia etxegabetze arriskuan daude, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak berriki salatu duen bezala. Adingabeak dituzten familia hauek higiezinen kudeaketarako 21 Zabalgunea sozietate publikoaren jabetzakoak diren etxebizitzetan bizi dira, urteetan hutsik eta abandonaturik egon direnak. Gure hirian soberan ezagutzen dugu udalaren eskuetan dagoen sozietate honen egitekoa: 2000ko hamarkadan sortu zen espekulazio zikloari bultzada publikoa emateko, eta egun berrehun bat etxebizitza baino gehiago dituzte Alde Zaharrean, horietako gehienak erabilerarik gabe. Udalak, beraz, oposizioko hainbat alderdiren kanpaina kriminalizatzaileari jarraiki, etxegabetze prozedurak azkartu nahi izan ditu azken urte honetan. Emaitza: sindikatuan antolatuta dauden hiru familien etxegabetzea. Horietako lehenengoaren data finkatuta dago jada, apirilaren 23an, eta sindikatuak presioa egiteko eta etxegabetzeari aurre egin asmoz antolatzeko dei egin du.
Bitxia da etxegabetze hauek justifikatzeko udalak erabili duen argudioa; etxebizitza horiek Gizarte Politiken sailari esleitu omen dizkio, bertan "erabilera soziala" izango duten etxebizitzak martxan jartzeko. Bitxia da, alde batetik, urteetan hutsik egon diren etxebizitzei "erabilera soziala" emateko hiru familia oso kalera bota behar izatea; bitxia da, hamarkada luzeen ostean, justu orain otu izana proiektu eder hau, eta ez lehenago.
Apirilaren 23an lehenengo zita dugu politikari hipokritei aurre egiteko eta etxegabetze guztien etetea aldarrikatzeko
Beste alde batetik, aipatu beharra dago exekutatu nahi dituzten etxegabetzeei zilegitasun sozial handiagoa emateko ez ezik, etxegabetze prozedurak berak azkartzeko metodo gisa erabili dutela proiektu hau. Izan ere, hiru familia hauek etxegabetzeen luzamendua aplikatzeko legez ezarritako irizpide guztiak betetzen badituzte ere, moratoria edo luzamendu hori ukatua izan zaie etxebizitzok etorkizunean izango ei duten "erabilera soziala" argudiatuta.
Maider Etxebarria alkateak azken hilabeteetan behin eta berriz errepikatu du etxebizitza bere agintaldiaren lehentasun handienetako bat dela eta etxebizitza eskubidea bermatu beharra dagoela. Etxebarriarentzat, politikari guztientzat bezala, etxebizitza eskubide bat da, eskubide hori merkatuko legeen bidez bermatzen den heinean: hutsik dagoen etxebizitza batean bizitzea ez da eskubide hori benetan gauzatzea, baizik eta udalak hileko errenta bat poltsikoratzea saihestea. Apirilaren 23an lehenengo zita dugu politikari hipokritei aurre egiteko eta etxegabetze guztien etetea aldarrikatzeko.
Karla Pisano.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.