Lerroburuetan irakurtzen ditugu Mark Rutteren hitzak: "Ez gaude gerra betean sartuta, baina ez gaude bake egoeran ezta ere". Amaitu dira lerroarteko mezuak, argi eta zuzen hitz egiteko garaiak heldu dira. Hala, Europako oligarkiaren agenda estrategikoak gida-lerro argiak inposatzen ditu: gerra eta austeritatea. Eta agenda horren inposiziorako tresna eta ondorio da ideia faxisten zein erreakzionarioen hedapena.
Lerro berriak marraztu behar dira, batzuk baztertzaileak eta beste batzuk espantsionistak. Batetik, krisi kapitalistaren testuinguruan, banalerro bat ezarri behar da komunitate nazionaleko partaideen artean, eta, beraz, pastelaren zati gero eta murritzagoa izango dutenen eta lerrotik kanpo geratzen direnen artean. Alde batean, komunitate nazionala, eta bestean, komunitate horren biziraupena mehatxatzen dutenak: proletalgo migrantea, delitugileak, genero disidentziak... Hori bermatzeko, mugak ziurtatu behar dira; mapetan marraztutako lerroak sutan grabatzen dira lurraldeetan, mugak leku militarizatu eta hiperzelatatuak bihurtuz. Bitartean, potentzia inperialistek euren eragin esparrua zabaltzen dute eta lerroa haratago mugitzen ahalegintzen dira. Israelek Gazara, Siriara, Libanora; Estatu Batuek Groenlandiara, Panamara, Mexikora... Lerro batzuk bortxaezinak dira eta beste batzuk, erlatiboak. Ziurra dena da mundu mailan sortu diren zein sortuko diren eraso-lerro guztietan han egongo dela langile klasea, lerroz lerro, gure odola oligarkia atlantisten interesen mesedetan xahutzera beharturik.
Europar oligarkiak lerratu egin dira gerraren eta austeritatearen alde. Aliantza politiken eskuin-lerrokadura geroz eta argiagoa da, Von Der Leyenen hurbilpena Melonirekiko horren adibide; eta horrela, eskumarago mugitzen da politika eta masen zentzu komuna. Guk lerro berriak marraztu behar ditugu, ez horizontalki banatzen gaituztenak, baizik eta bertikalki aurrez aurre gure klase etsaiaren aurka jartzen gaituztenak. Faxismoaren hedapenaren aurrean marra gorri berriak ezarri behar ditugu, eta gazte langileek lehen lerroan egon behar dute oligarkia NATOzaleen eta faxismo berrien aurkako borrokan. Urtarrilaren 25ean zita garrantzitsua dugu Bilbon eta Iruñean, GKS-k deitua.
Karla Pisano.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.