Genozidio batetik ihesean heldu da gure hirira. Bere historia kontatzen didan bitartean, ezbaian, bizirik egoteagatik eskertuta, eta haserretuta, aldi berean, Gobernu batek abandonatu dituelako.
Gazan bizi zen eta zirujau gisa egiten zuen lan. Bere bi semeek unibertsitateko ikasketak hasi berri zituzten, orain existitzen ez den unibertsitate batean. Iragan urrun bat bailitzan kontatzen dit, urtebete baino gutxiago pasa bada ere. Urriaren 12an israeldarrek auzoa bonbardatu eta bere etxea erabat suntsitu zuten. Gogoan du nola familiako 25 kideek bat egiten zuten Israelgo armadaren zelatapean, isilik, bonbardaketarik izango omen ez zuen hegoaldera zihoan pertsona marearekin. Mareak hego-mendebaldeko Khan-Yunis hirira eraman zituen. Asteetan zehar bulego-eraikin batzuetan lo egin zuten, eraikinaren jabeak bere buruarentzat erreklamatu zuen arte; orduan, erdizka eraikitako eraikin batean babestu ziren. "Egunak amaigabeak ziren" aitortu dit, bere begirada gelako atearen markoan finkatzen den bitartean.
"Gobernuak abandonatzen dituenean, kamerak desagertu egiten dira"
Orduan hasi zen kide hispaniar-palestinarren bat zuten familiak aberriratzeko operazioa. Kairora iristea lortu zuten, eta han zain geratu ziren, eternitate bat iruditu zitzaien tartea. Egipton blokeatuta zeuden bitartean, telebistan, Margarita Robles ministroak denak aberriratuak izan zirela esaten zuela gogoratzen du irribarre isekari batez. Azkenean, Madrilgo Torrejon de Ardoz aireportura iritsi ziren. Han, Defentsa ministroa zuten zain, Kanpo Auzietako ministroarekin eta beste hainbat kargu politiko eta komunikabiderekin batera. "Berehala autobus batzuetan sartu gintuzten eta aurrez zehaztutako hiru helmugatara joatera behartu gintuzten, gurekin kontsultatu edo ezer azaldu gabe". Bere familiari Euskal Herrira etortzea egokitu zitzaion. Lehenik, Berrizko aterpetxe batean hartu zituzten. Gogorarazi du iritsi bezain laster "eta gogo gutxirekin" prentsaurreko handi bat egin zutela dozenaka kazetari eta politikarirekin. Azkenik, 2024ko otsailean, Gasteizera ekarri eta hotel pribatuetan eta aterpetxeetan jaso zituzten.
Abuztuan jakinarazi zieten Gobernuak harrera-programa finantzatzeari utziko ziola eta zerbait aurkitu beharko zutela beren kontura. Urriaren 31n kalera joateko mehatxupean eta etxe bat aurkitzeko etsipenez, alokairuko iruzur baten biktima izan ziren. Gobernuak abandonatzen dituenean, kamerak desagertu egiten dira. Inori axola al zaio zer gertatzen den fokuak itzaltzen direnean edo nahikoa al dugu gure kontzientzia lasaitzen duten elkartasun keinu sinbolikoekin?
Karla Pisano.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.