Aspaldi da Aldabeko plaza Gasteizko gune zelatatuenetako bat. Lur-zerrenda honetan antzeman daitezke gure Mendebaldeko gizartearen apartheid sistema partikularraren adierazpenak; proletalgo etorkinaren parte bat gure gizarteak irentsia, murtxikatua eta kanporatua, Poliziaren etengabeko jazarpenaren pean. Zerrenda luzea da: miseriatik ihesi bakarrik iritsi ziren adingabeak, 18 urte betetzean harrera-aterpetxeetatik kanporatu zituzten pertsonak, etxegabetuak… Horiek guztiek Aldaben pasatzen dituzte arratsaldeak, nahiz eta badakiten beren azal-kolorea nahikoa arrazoi izan daitekeela plaza zelatatzen duten hamarnaka patruiletako batek gelditu ditzaten: agian identifikazio, atxiloketa edo deportazio bat. Agian jipoi arrazista bat, zeinek daki?
Gerra kultural honen jomuga ez dira pertsona migranteak, deskonposizioan dauden klase ertainak baizik
Aldabe abiapuntu, gerra bat hasi da hirian. Kontakizun ofizialak dio etorkinek hasi zutela eta segurtasun arazo honi aurre egiteko, Ertzaintzak bitarteko gehiago behar dituela. Baina, ez gaitezen engaina, hau, izatekotan, gerra kultural bat da, urte gutxiren buruan izugarri bizkortu dena eta, tamalez, askeen eta berdinen arteko gizarte baten alde borrokatzen dugunok galtzen ari garena. El Correo edo Gasteiz Hoy proletalgo etorkinaren aurkako ofentsiba mediatikoaren abangoardia dira, Polizia eta sistema judizial osoa borreroak, eta alderdi politikoak erasoaldiaren ideologoak. Hala ere, gerra kultural honen jomuga ez dira pertsona migranteak, deskonposizioan dauden klase ertainak baizik. Diskurtso sekuritarioa indartuz, klase ertainek beren gaitzen errua kanpoko etsai bati egoztea lortzen dute –proletalgo etorkina– beren interesak burgesiaren interes berak direla konbentziaraziz, eta pobreziaren benetako arduradunei –burgesiari– aurre egingo liokeen zapaldu guztien arteko batasun politiko bat sortzea saihesten dute.
Faxismoak eta ideologia erreakzionarioek aurrera egiten dute gizartean, eta Euskal Herria ez dago tendentzia horietatik salbu. Behinola indartsua zen komunitate antierrepresibo eta antifaxista ahultzen ari da, alderdi parlamentarioen programak eta diskurtsoak berdintzen ari diren neurri berean. Gerra hau irabazteko aukera bakarra konposizio eta programa proletarioko haustura politikoko subjektu bat artikulatzea da, klase ertainak faxismoaren sirena-kantuetatik urruntzeko gai izango dena. Subjektu horrek faxismoaren aurka borrokatu behar du bere adierazpen guztietan, etorkin proletarioen kriminalizazioari aurre egin behar dio, eta segurtasun handiagoa eskatzen duten diskurtsoen aurrean, pobreziaren egiturazko kausak seinalatu behar ditu, baliabideen banaketa desorekatua eta zakuratze inperialista salatuz.
Karla Pisano.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.