Iritzia

Gure dekadentziaren onenean gaude

Erabiltzailearen aurpegia Karla Pisano 2024ko api. 26a, 09:00

Argazkia: EH Bildu

"Akats galanta litzateke alderdi honen hazkuntza elektorala euskal gizartean jarrera aurrerakoien hazkuntzarekin nahastea"

Politika merkea garesti irteten da zioen 2009an Berri Txarrak-ek. Eta hurrengo urteak iragarriko zituen estrofa ondoren: Bozka bazkan / Zuetako inork ez du isiltasuna hobetzen / Ez esan ezetz (bis) / Gure dekadentziaren onenean gaude. Ezker Abertzaleak bere historiako emaitzarik onenak izan ditu azken hauteskundeetan, EAJ-tik 27.000 botora. Hauteskunde kanpainan zehar ilusioa izan da nagusi EH Bilduren komunitate politikoaren artean, eta hainbeste desiratzen duten sorpasso-a eman ez bada ere, lortutako hazkundeak beharrezko justifikazioa eman die moderazioaren bidetik jarraitzeko. Puntu honetan, galdera bat erantzun beharrean gaude: Zeri dagokio EH Bilduren hazkundeak? Gizartea posizio ezkertiarragoetara mugitu da ala EH Bildu izan da EAJren jarrera kontserbadorerantz desplazatu dena?

Ezker Abertzaleak baikortasunez erantzun dio galdera honi: Pello Otxandianok "abagune historiko berri" batez hitz egiten zuen; Arnaldo Otegik, bestalde, Financial Times-eko erreportari batek independentismoak bere programa politikoan izan duen zentralitatearen galerari buruz galdetu zionean, argi adierazi zuen "EH Bilduren hazkundea jarrera independentisten zabalpenaren adierazlerik onena" dela. Niretzat, ordea, analisi akats galanta litzateke alderdi honen hazkuntza elektorala euskal gizartean jarrera aurrerakoien hazkuntzarekin nahastea. Edo, bestera esanda, mapa politikoaren aldaketa ziklo politiko berri batekin nahastea. Ikuspegi optimista horrek eragotzi egiten die gizartean garatzen ari diren egiturazko joerak ikustea: jarrera erreakzionarioen areagotzea gazteriaren artean (VOXek, adibidez, emaitza onenak boto-emaile gazteenen artean ditu), eztabaida politikoa eskuinerantz desplazatu izana, austeritate-politikak, gerra-testuinguru berri baten irekitzea, jarrera autonomisten areagotzea independentisten kaltetan (baita EHBilduren barruan ere)... Prozesu hauek ez dira EHBildu-ren borondatetik aparte gertatzen, alderdi honek hasitako moderazioaren bideari esker baizik.

"Zer egin behar dugu EH Bilduk milaka boto batzuk gehiago lortzeko moderazioaren bidean sakontzen duen bitartean? Besoak gurutzatuta itxaron?"

Zer egin behar dugu EH Bilduk milaka boto batzuk gehiago lortzeko moderazioaren bidean sakontzen duen bitartean, botere errealez hustutako instituzioen gestiora iritsi bitartean, kalea desmobilizatu, politika iraultzailea egiteko baldintzak suntsitu eta mapa politikoa eskumarantz mugitzen den bitartean? Besoak gurutzatuta itxaron behar al dugu? Zorionez, bide-orri politiko honen inpotentziaz ohartzen den geroz eta jende gehiago dago. Belaunaldi berriok politikaren zentzu iraultzailea berreraikitzeko ardura gure gain hartu dugu: diruan eta etekin korporatiboan oinarritutako politika oportunistaren aurrean, parlamentarismotik kanpoko politika eraikitzen dugu, militantzian eta konpromiso etikoan oinarritua. "Aldaketaz" hitz egiten duten hipokriten aurrean, baina irabazi kapitalista defendatu eta austeritate zein gerra politikak makilatzeko funtzioa betetzen duten horien aurrean, aldaketa sakonak posible egingo dituen indar politiko baten eraikuntzan dihardugu; eskubide unibertsalak erdietsiko dituena, gerra inperialistari oposizio sendoa egingo diona, faxismoari kaleetan aurre egiten diona…

Bere dekadentziaren onenean dagoen sozialdemokrazia euskaldunak badu zer ikasia bere anai-arreba greziarrengandik, britainiarrengandik edota irlanderengandik: aldaketarako biderik errealistena dirudiena, egiatan, edozein aldaketa sakon ezinezko egiten duen bidea da. Ordea, badago alternatiba, belaunaldi komunista berri baten eskutik, zeinak aldaketa errealak ekarriko dizkigun bide zailenari ekiteko beldurrik ez duen. Maiatzaren 1ean Bilboko kaleak hartuko ditugu, ez bere botoak zerbait aldatuko duelakoan sentitzen duenaren itxaropen hauskorrez, baizik eta bere konpromisoak eta lanak, milaka pertsonenarekin batera, dena aldatuko dutela dakienaren uste sendoarekin.

Karla Pisano.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago