Iritzia

Atzeko atetik kanporatuak

Erabiltzailearen aurpegia Karla Pisano 2024ko ots. 18a, 10:00

Irudia: K. Pisano

"Mugimendu batzuk, hauts magikoak eta danba! usoa desagerrarazi dute"

Politikari profesionalak kanpainan daude, inoiz kanpainan egoteari utzi badiote. Etxebizitza darabilte euren diskurtsoetan: batek ehunka etxebizitza berri eraikiko dituztela prometitzen du, beste batek, ordea, milaka. Hangoak dio gazteen emantzipaziorako diru laguntzak zabalduko dituztela, eta hemengoak etxebizitza hutsak merkaturatzeko politikak abian jarriko dituztela. Bakar batek ere ez du aipatzen bien bitartean, betikoak, betiko legez, atzeko atetik kanporatuak direla. Isiltasun konplizea da alderdi guztiena, izatez, guztiek bat egiten baitute gure gizarte zahar hau sostengatzen duen logika gordinarekin: krisi garaian ez dago birbanaketa politiketarako margenik, murrizketak behetik egin behar dira, proletalgotik, eta ogi apurrak alderdien sistema sostengatzen duten klase ertainen artean banatu behar dituzte.

"Erreforma hauen bitartez, proletalgoarentzat ezinezkoak diren irizpideak inposatuko dituzte, eta, hala, sektore zaurgarrienak prestazioetatik kanporatuko dituzte"

Ilusionisten antzera, ikusleari nora begiratu esaten diote; eskumutur mugimendu batzuk, hauts magikoak eta danba! usoa desagerrarazi dute. Publikoa txaloka hasten da orduan. Magoak eskaini digun gauza bakarra ilusio bat da, espektakulua, ezereza… zeren kontura? Trikimailua errepikatzen den bakoitzean kaiolan zanpatuta hiltzen den uso nazkagarri baten kontura? Ilusioa ez da existitzen usoen sakrifiziorik gabe, klase ertainei prometitzen dizkieten onurak proletalgoaren zanpatze ekonomiko eta politikorik gabe existitzen ez diren neurri berean. Horregatik, hain zuzen, politikari guztiak isilik mantendu dira DSBE-aren (RGI) erreformarekin eta Etxebizitzarako Prestazio Ekonomiko (EPE) berriarekin gizarte sektore proletarizatuenak etxebizitzarako prestazioetatik kanpo geratuko direla salatu dugunean. Mago batek ezin ditu bere trikimailuak agerian jarri.

Erreforma hauen bitartez, proletalgoarentzat ezinezkoak diren irizpideak inposatuko dituzte, eta, hala, sektore zaurgarrienak (kontraturik ez dutenak, azpierrentatutako logeletan bizi direnak, Euskal Herrian hiru urte baino gutxiagoz erroldatuta egon direnak…) prestazioetatik kanporatuko dituzte. Murrizketa hauek salatzeko eta hauek dakartzaten kriminalizazioa eta pobretzea gaitzesteko, otsailaren 24an Bilbon izango gara, 12:00etan Moyua plazan. Pertsona guztientzako kalitatezko bizi-baldintzen alde gaudelako eta ilusio baten esklabo den uso izateaz nazkatuta gaudelako: mobilizatu gaitezen!

Karla Pisano.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago