Bazen garai bat zeinetan greba orokorra denek mobilizazio orokor bat bultzatzeko problematika bat identifikatzen zuten unea zen. Grebara joateko arrazoiak badaude, eta arrazoietan denok egiten dugu bat; baina asmoa ez zen, inondik ere, helburu estrategikoak batzea. Beti zegoen lekua nork bere ustez arazoa gainditzeko biderik egokiena zein den proposa zezan.
Orain, Mugimendu Feministak greba orokorrerako deialdia egin du azaroaren 30erako. Zita honen aurrean, momentuz, bi izan dira posizio kritiko batetik emandako erantzunak. Batetik, emakume arrazializatuen, migratuen eta ijitoen hainbat kolektibok grebara ez batzea erabaki dute, ordezkatzen dituzten sektoreen errepresentazio mugatua argudiatuta. Bestetik, Itaiak (Emakume antolakunde sozialistak) diskurtso eta programa propioz greba orokorrera batzeko apustua egin du. Bi posizio hauek behar-beharrezkoak diren eztabaidak mahaigaineratzen dituzte: lehenengoak, borroka moldearen mugak seinalatzen ditu; alegia, zaintza sektoreko emakumeek greba egiteko dituzten zailtasunak, eta, ondorioz, greba honek izan dezakeen klase eta arraza konposizioa.
"Zergatik izan behar da mediku baten soldata pazientea etxean zaintzen duen langilearena baino altuagoa?"
Bigarrenak, aldarri estrategikoaren inguruko beste proposamen bat mahaigaineratu du: ez da nahikoa lan mota hauek "duintzearekin" edota lanaren banaketa sexual orekatuago bat aldarrikatzearekin; kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak helburu izan behar ditugu. Zergatik izan behar da mediku baten soldata pazientea etxean zaintzen duen langilearena baino altuagoa? Ez al dira bi lan mota horiek behar-beharrezkoak? Itaiak ere, alderdi parlamentarioekiko independenteki jokatzearen beharra azpimarratu du: elektoralismoak inposatzen dizkigun mugez haratago –EAJren seinalamendu ia esklusiboa kasu–, zaintza sektoretik etekina ateratzen duten agente guztiak seinalatu behar dira –enpresa pribatuetatik kooperatiboetaraino–, eta "publifikazioak" sortzen dituen ilusio faltsuen aurrean, bestelako gizarte eredu sozialista bat proposatu.
Ez dira debate hutsalak. Baina Mugimendu Feministak auzi horien inguruko eztabaidari uko egin dio eta korporatibismoz erantzun. Ez omen dago bestelako proposamen politikoz greban parte hartzeko aukerarik: klaudikazio politikoa ala eskirolajea, horiek dira alternatiba bakarrak. Egolatria dosi handia behar da pentsatzeko greba orokor batean –zeinetan gizarte sektore guztiak apelatzen diren– mundu guztiak lekua izango duela esklusiboki zure aldarrikapenen pean. Zorionez, errealitatea askoz anitzagoa da, eta emakume langile gehiagok, diskurtso eta proposamen propioekin, egingo diogu ekarpena grebari.
Karla Pisano.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.