Iritzia

Iragarritako heriotza baten kronika

Alfarotarren Etxea, Gasteizko Manuel Iradier kalean. / Argazkia: HISPANIA NOSTRA

"Garaiz gaude beste urbanismo mota batean pentsatzeko, pertsonen ongizatea helburu duena, eta ez soilik mozkinak irabaztean zentratuta dagoena. Baina denbora aurrera doa. Eta erabaki bat hartu behar da".

Atzo jakin genuen, prentsaren bidez, Gasteizko Udalak Alfaro Fournier Etxeari daukan babes estrukturala kendu nahi diola, enpresa pribatu batek bi fatxada eta barne-egitura guztia bota ahal izango duelarik. Arkitekturaren munduan, fenomeno honek "fatxadismo" ezizena du: eraikina desitxuratu, fatxada bakarrik mantenduz. Ez da Euskal Herrian gertatu den fenomeno isolatu bat; azken urteetan gure inguruan abiadura handia hartzen joan den fenomeno bat baizik, Donostian batik bat —Ancora elkarteak Arte Ederren antzokia kontserbatzeko egin dituen ahaleginak honen adibide dira—.

"Irizpide teknikoa ote da ala hirigintza neoliberalak, deserregularizazioak eta espekulazioak bultzatutako operazio bat?"

Uste dut Alfaro Fournierren kasuak hiru agente eta ikuspegi ezberdin dituela.

Lehenik eta behin, Gasteizko Udalaren jarrera egongo litzateke. Galdetu beharko genuke ea zertarako enkargatu zien arkitektoz, arkeologoz eta ondarearen kudeaketan adituak diren pertsonez osatutako talde bati Gasteizko Zabalguneko eraikinen babeserako txosten bat egitea, gero ezertarako balioko ez zuenean. Zein da birmoldatze honen atzean dagoen irizpidea? Irizpide teknikoa ote da ala hirigintza neoliberalak, deserregularizazioak eta espekulazioak bultzatutako operazio bat? Uste dut erantzuna argia dela: Udalak irizpide teknikoak erabili beharko zituela, haren herritarren eta ondarearen interesak lehenetsiz, eta ez enpresa pribatu batenak. Ez dugu ahaztu behar orain dela hilabete batzuk Gasteizko Udalak gasteiztarron 17.500 euro erabili zituela ilegala zen plan arkitektoniko bat eskatzeko, Principal Antzokiaren barnealdea botatzea proposatzen zuena.

"Horrek eragingo du eraikinaren zaharberritzerako erabili beharko lituzkeen baliabideak aurreztea, Udalaren konplizitatearekin"

Bigarren agentea orube horretan hotel bat eraiki nahi duen enpresa izango litzateke. Dudarik gabe, hau da onurarik handiena lortuko duena. Gasteizko erdialdean zegoen orube bat erosi zuen prezio baxuan, hondamen egoeran zegoen etxe bat zuelako. Orain, Udalak babesa kenduz gero, hotel berri bat egin ahalko du, hondamenean zegoen eraikin horren barnealdea eta bi fatxada botaz eta ia ia zerotik eraikuntza berri bat eginez. Beraz, horrek eragingo du eraikinaren zaharberritzerako erabili beharko lituzkeen baliabideak aurreztea, Udalaren konplizitatearekin, hotel horrek suposatuko dituen mozkinak pribatizatuz eta eraikinak hiritarroi eskainiko ligukeen onura kulturala betirako galduz.

Azkenik, herritarrak egongo ginateke, azken urteetan gure ondarearen desjabetuak izaten ari garenak. Badirudi deserregularizazioaren munduan bizi garela, non edonork edozer gauza egin dezakeen mozkin ekonomikoa ateratzeko baldin bada. Ikusi izan dugu zelan Gasteizko antzokiaren barnealdea botatzeko ideia batzuen burutik pasa izan den, zelan 500 urte zutik iraun izan duten jauregiak erortzeko zorian dauden, zelan denda txiki zaharrak desagertzen ari diren, haien egurrezko egiturak desagerraraziz seriean eginda daudela diruditen saltoki txuri eta argidunak egiteko.

"Edonork edozer gauza egin dezake mozkin ekonomikoa ateratzeko baldin bada"

Askotan pentsatzen dut zer utziko diegun gure ondorengo belaunaldiei. Zer pentsatuko dute gutaz? Guk San Frantzisko komentua bota zuten horietaz pentsatzen duguna? Orain dela gutxi jakin genuen Gasteiz Europako lehen hiri adimendun eta klimatikoki neutralerako 100 hiri eredugarrien artean egongo dela; berri ezin hobea, dudarik gabe.

Dena den, badirudi azken aldian "Green" horretan zentratzen ari garela, ondarea ahaztuz, hiri honi identitatea ematen dion elementuetako bat desagerraraziz. Benetan gustatuko litzaidakeela Gasteiz haren ondarea babestu eta balorean jartzen duten Europako 100 hiri eredugarrien artean agertzea. Garaiz gaude beste urbanismo mota batean pentsatzeko, pertsonen ongizatea helburu duena, eta ez soilik mozkinak irabaztean zentratuta dagoena. Baina denbora aurrera doa. Eta erabaki bat hartu behar da.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago