Alfarotarren Etxea, hotel bihurtzeko bidean

Erredakzioa 2022ko mai. 11a, 10:00

Alfarotarren Etxea Ondarearen Zerrenda Gorrian dago. / Argazkia: HISPANIA NOSTRA

Gasteizko Udalak Alfarotarren Etxearen babesa murrizteko izapidea abiatu du. Aldaketa horrek eraikinaren eraiste partziala ahalbidetuko du, bai eta bertan hotel bat eraikitzea ere. Elkarrekin taldeak "interes partikularrak lehenestea" leporatu dio udal gobernuari.

Hispania Nostra elkartearen Ondarearen Zerrenda Gorrian dago Gasteizko Alfarotarren Etxea. Zerrenda horrek beren balioak desagertzeko, suntsitzeko edo funtsean aldatzeko arriskua duten Espainiako Estatuko kultura ondarearen zenbait elementu jasotzen ditu, horiek ezagutarazteko, sendotzeko edo lehengoratzeko helburuarekin. Gainera, Gasteizko HAPOren Babes Araubide Bereziaren mende dauden eraikinen katalogoan dago ere, Egiturazko Kontserbazioaren kategoriarekin.

Haatik, Gasteizko Udalak Alfarotarren Etxearen katalogazio urbanistikoa aldatzeko izapideei ekin die, eraikinaren jabeek —Iradier Gardens inbertsio-talde gasteiztarra— egindako eskaeraren harira. Jabeek jauregia birmoldatu eta egungo tamaina laukoiztuko duen hotel bat eraiki nahi dute, eta, horretarako, Udalak babesa murriztu beharko du. Aldaketa horri esker, jauregiaren ingurunean zein barrualdean esku hartu ahal izango da, mugarik gabe. Fatxadari dagokionez, aurpegi nagusia eta atzekoa mantendu beharko dira, baina beste biak eraitsi ahal izango dituzte.

Udalaren dokumentazioaren arabera —jendaurreko kontsultarako epea maiatzaren 18ra arte dago zabalik—, "egiturak eta estalkiak ez dute balio arkitektoniko, estilistiko eta historikorik" eta "eraikinaren egitura sistema narriadura egoera atzeraezinean dago, kontserbazioa ezinezko bihurtuz".

Arkeologoen eta ondare historikoaren defendatzaileen artean lehen kritikak entzuten hasi dira. Udalean ere, Elkarrekin taldeak "interes partikularrak lehenestea" leporatu dio udal gobernuari. "Deitoratzen dugu Udala eraikinaren jabe den sozietatearen aurrean makurtzea eta haren katalogazioa jaistea onartzea, hura babesten tematu beharrean. Jabeei ad hoc aldaketak egiteko aukera ematen zaie, obrak errazago egin ahal izateko, haiek higiezinaren ezaugarri bereziak ezagutzen zituztenean", salatu du Oskar Fernandez zinegotziak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago