"Enrique Eguren saria Paquita Saenz de Urturirentzat izango da, arkeologiara bideratutako bizitza oso batengatik"
Aurtengo Enrique Eguren saria Paquita Saenz de Urturirentzat izango da, arkeologiara bideratutako bizitza oso batengatik. Ezagutzen ez baduzue, Arkeologia Museoaren laborategian aurkitu ahal izango duzue, beti lanean, bere irratia pizturik eta oliba koloreko estratuetaz edo urgentziazko edozein obretaz hitz egiten. Maistra askorentzat, aholkularia beste batzuentzat eta langilea guztiontzat, horrela definitu daiteke Paquita.
Fermin Balentziak esango zuen bezala, 1950ean jaio zen "florecica de Apodaka" hau. 19 urte zituelarik hasi zen induskatzen, Henaioko Kastroan. 50 urte baino gehiago induskatzen, azkar esaten da. Puntako ikerlaria hainbat esparrutan, bere ikerketa Burdin Aroari, Erromatar garaiari eta Erdi Aroari dedikatu dizkio, batik bat.
Erdi Aroko materialei arreta eskaini zien lehenetarikoa izan zen, eta beti egon da obretako lehen lerroan, arkeologia sustatzen. Gaur egungo arkeologo askoren maistra eta arkeologian nabarmendu zen emakumea, gizonak nagusi diren sektore batean.
"Dibulgatzaile sutsua izan da, egindako lanak jendarteratuz eta ondarearen inguruan komunitatea eraikiz"
Indusketa asko aipatu daitezke: Arkaia, Legardagutxi, Mariturri, Guardia, Gasteizko Alde Zaharra... baina, dudarik gabe, bere seme kuttuna Lastrako Kastroak izan dira.
Arkeologiarako Arabar Institutuari ekarpen izugarriak egiteaz gain, dibulgatzaile sutsua izan da, egindako lanak jendarteratuz eta ondarearen inguruan komunitatea eraikiz.
Zaila da sari apal horren bitartez arkeologiara dedikatutako bizitza oso bat saritzea, baina Arabako arkeologiak errekonozimendu bat zor zion egon den maistra handienetako bati.
Eskerrik asko, Paquita!