Enrique Eguren Saria

Paquita Saenz de Urturiren ibilbidea saritu du Arkeologiarako Arabar Institutuak

Erredakzioa 2020ko aza. 17a, 09:25

Paquita Saenz de Urturi ikertzaile arabarraren ibilbide profesionala aitortu dute. / AAI

Arkeologiarako Arabar Institutuak Enrique Eguren 2020 ohorezko saria eman dio Paquita Saenz de Urturi ikertzaile eta aitzindari arabarrari.

Hamabi lagunek osatutako epaimahaiak aho batez erabaki du Enrique Eguren sariaren laugarren edizioa Paquita Saenz de Urturi arkeologoari (Apodaka, 1950) ematea; bi urtean behin banatzen da saria. Izan ere, Saenz de Urturik lan handia egin du bere bizitza osoan zehar arabar ondare historikoa aztertu eta zabaltzeko. Bere "poza eta esker ona" adierazi ditu saria jasotzerakoan.

Pandemiak eragindako osasun baldintzak direla eta, aurten ezinezkoa izan da saria diploma eta eskultura aurrez aurre ematea, baina Arkeologiarako Arabar Institututik (AAI) espero du 2021. urtean Paquita Saenz de Urturik "merezi duen bezala ospatzeko aukera izatea".

1970eko indusketa kanpaina Castro de Henaion, Santiagoko Unibertsitateko taldearekin eta AAIko beste arkeologo batzuekin. / AAI

 

Arabar ondareari lotutako bizitza oso bat

Paquita Saenz de Urturi 1969an hasi zen arkeologiaren munduan, Dulantziko Castro de Henaio herrixkan egindako lehen indusketa kanpainan. Ordutik, bere ibilbide profesionalak zubi lana egiteko balio izan dio, gerra osteko ikertzaileen belaunaldien eta lekukoa jaso duten belaunaldi berrien artean.

Gaur egun, Arabako arkeologian urte gehien daramatzan ikertzaileetako bat da. Horrez gain, Gasteizko Mariturri eta Arkaia aztarnategietan, Lermandako Legardagutxi biztanlerik gabeko herrian, Gasteizko eta Guardiako hirigune historikoetan edo Gaubeako Castros de Lastra aztarnategietan lan egin du, besteak beste.

"Aitzindaria da arkeologia lanaren profesionalizazioan eta garai historikoko arkeologiaren azterlanetan, gizonak nagusi diren zientzia eta lan mundu batean", nabarmendu du AAIk. "Bere lanak argitalpen zientifiko zenbaezinetan agertu dira, eta Arabako arkeologia jardueraren eta ondare historikoaren dibulgazioa uztartu ditu; hori dela eta, arlo horretan pertsona ezagunenetako bat da", azpimarratu dute.

Arabako Errioxako trikuharrietara bisita. Argazkian, Sorginaren Txabola trikuharria (1972). D. Fernandez Medrano, A. Llanos, P. Saenz de Urturi, M. Muñoz, A. Baldeon eta J. Ballestin. / AAI

 

Enrique Eguren saria

Arkeologiarako Arabar Institutuak 2014an sortu zuen Enrique Eguren saria, Arabako Lurralde Historikoan XX. mendearen bigarren erdialdetik egiten ari diren arkeologia gaiei buruzko ikerketak saritzeko. Ohorezko saria da, bi urtean behin ematen dena eta Enrique Eguren (1888-1944) arkeologo arabarraren figura oroitzen duena.

Hauek izan dira orain arte, Paquita Saenz de Urturiz gain (2020), Enrique Eguren saria jaso duten ikerlariak:

  • 2014: Javier Fernandez Eraso doktorea (EHU)
  • 2016: Andoni Saenz de Buruaga doktorea (EHU)
  • 2018: Armando Llanos Ortiz de Landaluce (AAI, Arabako Domina 2020)
Erlazionatuak

"Gozamena da lokatz artean zeramika puskak aurkitzea"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018 mar 18 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago