Iritzia

Paradisurako bidaiak

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2026ko ekainaren 27a

Argazkia: Ipuinen Maratoia

"Kontakizuna hutsala izango da zaurgarritasun eta zintzotasunetik aritzen ez bagara"

Bukatu dugu Arabazan kontalaritza eskolako ikasturtea. Ofizioaren zertzeladak ikusi genituen hastapenetan, kontalaritzaren funtsaz aritu ginen gero, eta, aurten, nahien, bizitzaren zatien, emozioen gordailu diren kontakizunak landu, ikertu eta induskatu ditugu. Hurrengoan, geure barnetik hasita, edozein muga eszeniko duen helmugara bidaiatuko dugu.

Baina, zer gara? Zein da gure zeregina kontalariak garen aldetik? Kontakizunaren eta entzuleen arteko bitartekari soilak gara? Ala kontakizuna aitzakia bat besterik ez da elkar konektatzeko, taldea sustatzeko eta emozioak partekatzeko? Edonola ere, kontakizuna hutsala izango da gure babesgarriak erantzi eta biluztasunetik, zaurgarritasunetik eta zintzotasunetik aritzen ez bagara. Ariketa zaila, benetan, behin eta berriro jasotzen dugun mezu nagusia denean kontrolpean egoteak emango digula boterea, oreka eta ongizaterako bidea.

Ikasturteari bukaera emateko, Guadalajarara joan gara ikaskide talde bat. Ipuinen Maratoiak bere XXXV. edizioari ekin dio. 35 urtetan, ekaineko bigarren asteburuetan, ostiral arratsaldean hasi eta igande eguerdira arte, etenik gabe, kontalari profesionalak, zaletuak, familiak, kuadrillak, aita-semeak, eskolakideak, musika taldekoak, irakasleak, idazleak, hiriko suhiltzaileak, tabernariak eta beste hainbeste igotzen dira oholtzara urtean zehar prestatutako istoriotxoak konpartitzeko. Aurten 24 lurraldetako 1.435 kontalarik 818 kontu partekatu dituzte! Horrez gain, antzokian lau ikuskizun eskaintzen dira, hiriko monumentuetan beste horrenbeste eta, ofizioaren gainean hausnartzeko, hitzaldiak eta mahai inguruak.

Oraingoan, besteak beste, Fidaa Ataya artista kontalari palestinarrak bere espektakulu txikia eskaini digu, eta hitzaldi batean azaldu digu Palestinan zehar, herriz herri, lurraldez lurralde, errefuxiatu-esparruetan zein beduinoen komunitateetan memoria eta identitatea sustatzen nola aritzen diren. Horretarako, kontalaritza eskola bat eta milaka lagun biltzen duen ipuin jaialdia sortu ditu. Badakigu zein den lurralde horren egoera tamalgarria. Hala ere, Fidaa Atayak zaurigarritasunetik eta hauskortasunetik esperantzarako gune babesgarriak eraiki ditu. Guadalajarako Maratoiak, bertan partaideak izan garenok bezala, efimeroak izanda ere, erresistentzia eta elkartasun burbuilak eraiki ditugula sinetsi nahi dut. Paradisu txikiak, geure eskola bezalakoak.

Paradisurako sortuak gara, existitzen ez dela jakin arren. 

Itziar Rekalde.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago