Iritzia

Ondo egoteaz

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2026ko maiatzaren 16a

'Bi baso bat ur'. Argazkia. METROKOADROKA

"Hiru dispositibo hauek neure barruko osagaiak astindu eta piztu zituzten"

Aurreko osteguna egun berezia izan zen niretzako. Goizean terapia saio batetik atera, eta eguerdian ospitalera joan, erresonantzia magnetikoa egin, eta handik Metrokoadrokak ekoiztutako Bi baso bat ur antzerki lana ikustera joan nintzen. Hiru dispositibo hauek, orduak joan ahala, neure barruko osagaiak astindu eta piztu zituzten, irudi multidimentsional batean ni naizen hau agerian jartzeko.

Psikologoari bisita eta gero, eguerdian, tramankulu imantatuaren barruan sartuta, zainak koloreztatzen zizkidaten bitartean, hidrogenozko partikulak lerrokatzen ari zitzaizkidan bitartean, nire bihotz lotsati eta ezkutuak, biluztuta, hormaren beste aldeko pantaila batean seinaleak igortzen zituen bitartean, pentsatu nuen nire arimaren oihartzunak ere pantailan ager zitezkeela. Berrogeita hamar minutu luze haietan, 34 aldiz baino gehiagotan "arnasa hartu, bota airea, ez arnastu" esaldia entzun nuen aurikularretatik, beste aldean zegoen erizainak esanda. Erizainak, zazpi orduko txandan, demagun bost erresonantzia eginda, lanaldi bakoitzean lelo bera 170 aldiz errepikatuko zuela kalkulatu nuen. Errukitu nintzen.

Gaueko antzerki saioan, taula gainean lau lagun agertu ziren. Niretzat, pertsona bakar baten lau dimentsio, atal edo eredu izan zitezkeenak: sentitzen duguna, pentsatzen duguna, erakutsi behar duguna, gure barruko epailearen aginduak, edo alderdi ulerkor eta solidarioak. Neronek izaten ohi ditudan elkarrizketak eta liskarrak irudikatu nituen. Terapiagatik, izpi magnetikoengatik edo taularatzen zuten lana bikaina zelako, erabat identifikatu nintzen ikusten nuenarekin.

Tartean, ospitaleko langileaz gogoratu nintzen. Lanaldia amaitzean, bizirik sentitzeko mekanismoak minimoen azpitik edukiko zituela eta, antzerkilariak bezala, alaitasunaren bila dantza-pista batera joango litzatekeela nirekin batera.

Ostegunetik Io sto bene, non ti preocupare! mantra oihukatzen dut sarri, neure barruan ezkutuan dantzatzen dudan bitartean.

Itziar Rekalde.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago