Iritzia

Iparrorratza

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2026ko otsailaren 12a

Argazkia: 'RENTAL FAMILY'

"Galdera iltzatuta geratu zait. Zeren beharrean nago ni, eta nor alokatuko nuke?"

Gure herrian baziren ayudadoriek, mundu honetatik joan behar zirenei azken laguntza edo gutxienez agurra ematen zietenak. Nik antzinatik omen datorren ofizio honetan zebilen emakume bat ezagutu nuen. Bere amarengandik zetorkion kargua eta, emaginarena bezala, emakumeen ardura omen zen jarduera hau. Askotan bi eginkizun hauek, sorrera eta amaiera, emakume bakar baten esku egoten ziren. Jaiotza eta heriotza emakume baten eskuetatik pasa izana oso poetikoa dela uste dut: esku bereziak, boteretsuak, transzendenteak, jakinduriaz beteta irudikatzen ditut. Miresgarriak!

Egia, ordea, pragmatikoagoa zen. Nik ezagutu nuen emakumeak bere esku dibino haiekin baratzan aritu, behiak jetzi, esnea eta barazkiak saldu, etxea gobernatu, umeak hezi eta, horrez gain, oihal denda bat zuen, non hil-oihalak josi eta saltzen zituen. Ayudadorie zen aldetik, gorpua jantzi eta prestatu behar zuen, eta horretarako ezinbestekoa zen gorpua bero eta malgu egotea. Eginkizun hori bete ahal izateko, hil baino lehenagotik, hil-kanpaiak baino lehenagotik, biatikoaren ostean, laster hilotza izango zenaren ondoan egoten zen, azken begirada, azken agurra ematen. Ez dakit, ordea, hil-oihalak saltzearren bilakatu zen ayudadorie, edo ayudadorie zelako bihurtu zen oihal dendaria.

Duela gutxi Rental family filma ikusi dut. Pelikulak alokairuko familien agentzia japoniar bat du hizpide; aktoreak kontratatzen ditu ezezagunen bizitzetan beharrezkoak diren pertsonen rolak interpreta ditzaten. Halako batean, agentziaren ugazabak galdera bat bota du: "Nor kontratatzeko beharra izango zenuke zuk?". Eta, harrezkero, galdera hori iltzatuta geratu zait. Zeren beharrean nago ni, eta nor alokatuko nuke? Izango ote zen Euskal Herrian bestelako ayudadorerik, jaiotzatik heriotzarako tartean dagoenaz arduratzen zen lagunik?

Neronek, neure buruaren kontzientzia dudanetik, zalantzazko itsaso batean igeri egiten bizi naizenak, noraezean nagoenean, dudak argituko dizkidan norbait beharko nukeela aitortu diot nire buruari. Brujula bat bezalakoa den norbait, nire senak, nire arrazoimenak norantza joan behar duen adieraziko didan lagungarria. Eta bai, halako ayudadorie alokatuko nuke.

Itziar Rekalde.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago