Iritzia

Estutzen gaituena

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2025eko urriaren 24a

Argazkia: FREEPIK.

"Kaxoi baten barruan erdi ahaztuta zeuden irudiak berreskuratu ditut"

Antzerkikide batek HAZ kooperatibak proposaturiko Al margen del deterioro proiektuan parte hartzeko eskatu dit, familia pelikulei buruzko egitasmoan. Bertako kideak ikus-entzunezko eremuan aritzen dira, garai ezberdinetako argazkiei, irudi finkoei eta mugimenduzkoei bizitza eta zentzu berri bat emateko. Guk horren inguruan lau pieza txiki eta instalazio batzuk aurkeztuko ditugu datorren igande goizean. 

Horren harira, gurasoen album familiarrik edota grabaketaren bat ote dudan galdetu zidan lagunak. Familiakoak edo ni agertzen garen dokumenturen bat. Eta nik baietz. Amaren etxean oraindik gordetzen dugu gurasoei beren ezkontzan oparitutako larruzko estalkiak dituen album bat, euren gurasoen argazkiak, ezkongai-garaikoak, ezkontzakoak eta gure haurtzarokoak gordetzen dituena. Baina dokumentuen dokumentua, zinema artxibo bat da; hasieran 8mm formatuan grabatuta, gero VHS bihurtuta eta orain CD batean gordetzen duguna. Bertan, 1960-70eko hamarkadetako gure familiaren gertakari nabarmenak daude gordeta: nire ahizparen lehen anginak, nire igeriketa erakustaldiak flotagailuarekin, gure lehen jaunartzeak, familian sartu zen lehen autoarekin egindako txangoak, Gabon zaharreko afariak, gure urtebetetze ospakizunak, orduko portua, itsasontziak eta antzekoak ikusi ahal dira.

Antzerki piezatxo hauen aitzakiaz, kaxoi baten barruan erdi ahaztuta zeuden irudiak berreskuratu ditut. Hunkitu egin naiz une haiek berpiztean. Baina, batez ere, 50 urte baino gehiago pasa ostean, denboraren behatokitik eta urruntasunaren perspektibatik, irudi haiek berriro ikustean nire oroitzapenak birkokatu direlako eta nire errealitatea hobeto ulertu ahal izan dudalako. Orduko herriko panoramikekin batera, nire paisaia emozionala agertzen da. Ikusi ditut nire gurasoak maiteminduta, kamera batak eta besteak erabiltzen, elkar grabatzen, eta gu, alabok, beti erdian.

Nire antzerkikideak igandekorako Oraindik estutzen gaituena gaia jarri digu eta, objektu sinboliko bezala, zapatak. Sormen prozesu honetan estututa baino, zabal sentitu naiz. Hala ere, obrarako, estutzen nauten zapatak eramango ditut, bai. Baina ni, egia esanda, aspalditik Palestinarekiko genozidio jasanezinak estutzen nau. Ezin dut ez burutik ezta gogotik kendu.

Itziar Rekalde.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago