Domu santu festaren inguruan, herriko hilerria bisitatzeko ohitura izan dut. Orain, oroimenaren filmean, plano luze batean, ume bat amarekin batera kanposantuan dago familiako panteoia garbitzen eta prestatzen. Jendea alde batetik bestera dabil, kuboak, erratzak, pintura, kandelak eta loreak bakoitzak bere familiako hilobira eramaten. Hilerria gizarte egoitza jendetsua bihurtzen den bitartean, panteoien gainean dauden aingeru erraldoiak, jesukristoak, amabirjin dolorosak eta hildakoen argazkiak ikustera doa gure protagonista. Arreta berezia, morbosoa agian, haurren eta gazteen argazkietan jartzen du. Hurrengo planoan, Domu Santu festaren egunean, "begira ze txukun duten hilobia gure hildakoek" edo "ikusi zenbateraino maite ditugun" esanez bezala, familiarrak harro daude lortutako emaitza artistikoak aurkezten, karroza bat, lorategi bat edo Valentziako fallak apaintzen dituzt antzera.
Aurton ez naiz herrira joan. Telebistatik eta bestelakoetatik ikusi ditut Dana delakoak eragin dituen benetako gau beltzak. Denok ikusi ditugun irudi itzelen artean, bat ekarriko dut hona: Valentziako Utiel-Requena inguruko gasolindegi batean emakume izutu batek kontatzen digu nola ari diren igarotzen bigarren gaua. Ez dago bakarrik. Atzetik, begirada galduta, hainbat lagun daude kalabazez, sorgina pirulinaz, mamuez eta eskeletoz apaindutako areto batean. Eurentzat bereziki sortutako eszenatokia dirudi. Baina ez daude ezer ospatzen. Aldiz, galeraren eta heriotzaren benetako dimentsioa aurkezten digute: hainbat tokitan ospatzen ari ziren mamirik gabeko gau beltzen jaiei kontrajarritako benetako errealitatea. Hilobiak bihurtu diren kotxe, etxe eta garajeetan ari dira auzokideak garbiketan, nire oroimenean gordetako hilerrian bezala. Orain badakigu ez dela Dana sarraski eta heriotzen errudun bakarra izan.
Esaten dute, horren kontzientzia aspaldi galdu izan badugu ere, Domu Santuen inguruan mozorrotzeko ohitura aspalditik datorrela. Hildakoak eta euren memoria bisitan datozkigunean ezagut ez gaitzaten mozorrotzen garela. Zenbat mozorro jantzi beharko dira hemendik gutxira!
Itziar Rekalde.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.