ALEAko lagun baten mezua jaso nuen uda osteko zutabetxoa idatzi nezan. Zelan oporrak? Galdetu nion. Galdera horrekin agurtzen dut eta agurtzen naute egun hauetan ezagun guztiek. Erantzunak anitzak dira, baina bukaera berbera: lanera bueltatzeko nagia, gogorik eza, erresistentzia, atsekabea, galbana eta falta diren sinonimo guztiak bere aspektu eta aldaera guztiekin.
Teorian, oporrak berriro geure zereginetara gogotsuago eta indarberrituak itzultzeko garai modernoan asmatutako estrategia bat omen dira. Hau da, hamaika hilabetetan metatutako kortisolak hilabete batean edo gutxiagoan zoriontasun serotoniniko bihur daitezela espero da/dute/dugu. Benetan?
Oporrak hartzeko zaudela, konturatzen zara loditu zarela edo uste zenuen baino gehiago loditu zarela edo, beste modu batean esanda, erabat lodi zaudela, fofo. Mehea bazara ere, ez zaude uste bezain gihartsu eta ez duzu denborarik gimnasio batera joateko, ezta gogorik ere. Neguko arropekin zerbait disimulatu duzu, baina udan, ezin. Beraz, ez duzu normatibotasunak eskatzen dizun itxura mailarik emango. Serotonina, oraingoan ere, galtzaile.
Demagun kanpoko tankerari garrantzirik ematen ez diozun gizaki ekilibratua zarela, eta zeuretzako opor egokienak aukeratzen dituzula: behar duzun atsedena hartuko duzula, edo errealitate ezberdinak ezagutzeko aukera izango duzula, aspaldi amestutako egoera biziko duzula, edo beste herriekin solidaritate ekintzetan ibiliko zarela, edo Indiara joango zarela yoga egitera, edo zeure lagunekin, bikotearekin egoteko denbora hartuko duzula. Ederto. Baina bukaeran berriro goaz zutabe honen hasierara: bueltatzeko nagia, gogorik eza, erresistentzia, atsekabea, galbana, eta abar. Berriro ere kortisolak irabazle.
Ongizate gizarte kideak garenok Sisifo bezala gabiltzala deritzot, menditik gora eta behera norbera bere harriarekin zamatuta, lotzen gaituen ziklo amaigabe batean lotuta. Hauxe da opor aurretik eta ostean ordaindu behar dugun zigor txikia.
Geure amamak esaten zuen bi gizaki klase daudela munduan: parte txarrekoak eta parte onekoak. Ez nion inoiz galdetu zeintzuk diren batzuk eta besteak. Beraz ez dakit neure burua non kokatu. Baina argi baino argiago daukat badaudela, merezi ez badute ere, soinean harri erraldoiak eramaten dituztenak, oporrik gabe.
Ohartxoa: kortisolak, serotonina edo oxitozina zer diren ez dakitenentzat, irakurri edo entzun gai honi buruz dauden podcastak. Ez duzue gehiegi ikasiko, baina zutabe baterako ematen dute.
Itziar Rekalde.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.