Pasa den igandean geure amak 100 urte bete zituen. Iaz, bere 99 ospatu genituenean, ez genuen ohi bezala urte hori ospatu. Mende batera iristeko atarian zegoen, eta horren kontzientzia eta zama gehitu genion ospakizunari. Laurogeita hemeretziak gainditu ez balitu, bere existentzia kronologikoa osatu gabe geratuko zela pentsatuko nuen. Sentsazio memelo horrekin, irrikaz eta beldurrez, pasa dut urtea. "Eutsi ama! Aurrera!", pentsatzen nuen bere ondoan nengoen bakoitzean, berak, bere egunerokotasun baketsuan, denborarekin patua eginda, bizitzarekin jarraitzen zuen bitartean. Eta iritsi gara, bera lasai, eta ni txapelketa batean nire kirol talde gogokoenak irabazten duenean izaten dudan euforiaz. Geure amak, amandreak bakalaoa bizkaitar erara hoberen prestatzen duen jatetxean –berak prestatzen duena salbu– bildu gaitu familia osoa.
Astelehenetan, geratu egiten gara gosaltzera aspaldiko laguna eta biok. Gazte denboratik ezagutzen dugu elkar, eta, hainbat urtetan ikusi barik egon ostean, orain konpartitu ez dugun denbora eskuratu nahian gabiltza. Lehen geure laneko kontuak edo bikoteenak kontatzen genizkion elkarri, gero seme-alabenak, eta orain gurasoen zaintzaz aritzen gara gehien bat.
"Iritsi gara, bera lasai, eta ni txapelketa batean nire kirol talde gogokoenak irabazten duenean izaten dudan euforiaz"
Asteburu honetan nire lagunak gurasoen etxean pasa du. Igandean entsaladilla errusiarra jarri du oso gustukoa dutelako, arraina gero. Eta postrerako, amak eta biek krokanti-txokolatezko izozkia jateko ohitura dute. Aitari berdin zaio, baina bere amarekin konpartitzen duen erritual modukoa da krokanti izozkia jatearena. Ba oraingoan, hozkailuko atea ireki zuen eta izozki bakar bat zegoen. Hartu, eta pentsatu gabe, bere amari eman zion. Amak irribarre eginez hartu eta gozo jan zuen. Lagunak esan zidan gaua begiak bildu barik pasa zuela eta oraindik daukala kontu hori buruan. Noiztik seme-alabek oparitzen diete gurasoei hoberena? Izozkia edo pastel gozoena, xerra bigunena, arrainaren zatirik hoberena? Noiz aldatzen dira rolak? Orain arte garbi zeukan zein zen bere tokia eskema familiarrean: bera erdian zegoen gurasoen eta seme-alaben artean. Baina orain? Krokanti izozkiarena gertatu zenetik, bizi-katearen azken muturrean dagoela sentitzen du.
Galduta gaude biok. Geure etxeko ospakizunena kontatu diot. Orain ez dakigu bizibidean gorantza edo behera goazen.
Itziar Rekalde.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.