Iritzia

'Bidaideak'

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2023ko aza. 18a, 10:00

Argazkia: PIXABAY

"Kontalaritza sendotasunez eskaintzen denean, emaitza eraldatzailea da"

Txilen nago. Bidean aurkitzen ari garen lankideekin batera, bi jaialditan parte hartzen ari naiz. Ofizio hau ibiltaria da, eta gu ere bai. Gure mapa eta bitakora koadernoetako lekuak baino gehiago, topaketak, besarkadak eta ikaskuntzak nabarmentzen ditugu. Gure bizitzaren parte garrantzitsua direnak jada besarkatzen ditugunean, leiho berriak zabaltzen ditugunean, edo  lehen aldiz aurkitzen ditugunentzako gela berriak prestatzen ditugunean, edozein tokitan gaudela ere, geure etxean gaudela sentitzen dugu. Eta entzun, entzutea, arreta jartzea, gure lanbidearen funtsezko zatietako bat delako. Entzutea zein istorio berri oparitzen diguten. Ipuinen lapikoa ireki barruan zer gordetzen duten, zer kontatuko diguten deskubritzeko. Adi egongo gara, gure lankideek edo bidean aurkitzen ditugunek oparituko dizkiguten osagai berriak hartuko ditugu, eta gero, gure istorioei gehituko dizkiegu. Izan ere, istorioak aldakorrak dira eta inoiz ez dugu gauza bera kontatzen, ez baikara berdinak; aldakorrak garelako, bai geu eta baita entzuten gaituztenak ere.

Joseba Sarronaindiak idatzi zuenez, itzultzen den bidaiaria ez da abiatu den berbera. Italo Calvinok gure hiritik bidaiatzea proposatzen digu, hiri guztiak aurkitzeko, edo Marco Polorekin hiri guztietan zehar bidaiatzea, horietako bakoitzean gurea ezagutzeko.

"Istorioak aldakorrak dira eta inoiz ez dugu gauza bera kontatzen, ez baikara berdinak"

Nire taldekideen ikuskizunetan Ray Bradburyren paisaietatik bidaiatu dugu, eta galaxiako gainerako tokietan samurtasun handia dagoela erakutsi digu Carolina Ruedak. Aldo Mendezek maitasuna eta maitatzeko beldurraren labirintotik eraman gaitu, eta erabat bizitzera ausartzeak sortzen duen askatasuna azaldu digu. Adrian Yestek bere etxeko ateak ireki dizkigu, bere bizitzako espaziorik intimoenak partekatuz, hau da, guztion barneko etxeetara eraman gaitu. Beste behin egiaztatu ahal izan dut kontalaritza bere esentziatik, berezko hizkuntzaren ezagutzatik egiten denean, tresna zehatzak erabiltzen direnean eta lana zintzotasunez eskaintzen denean, emaitza eraldatzailea dela. Artelan bat da, beste edozein arte diziplinatakoak bezala, gainditu egiten gaituena.

Bihar niri dagokit. Gero Valparaiso eta Txiletik Andeak zeharkatuz irtengo naiz Argentinak kanta dezan. Ea neu zer kontatzeko kapaza naizen!

Itziar Rekalde.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago