Ingalaterran, Godalming herrian, 1726an gertatu zen istorioa dakarkizuet. Untxiak erditzen zituen Mary Toft andrearena. Haurdun zegoen Mary, ohiko haurdunaldian, eta, ekaitz baten ondorioz, erditzeko gertu zegoela, umea galdu zuen untxi bat ikusi ostean. Abortu naturala gertatu eta bi hilabetera, untxiak erditzen hasi zen. Kroniketan ez dira zenbakietan ados jartzen, baina 18-20 bat untxi erditzera heldu zen. Lehendabizikoan auzokide bat eta bere amaginarreba izan ziren gertakari harrigarri haren lekuko, baina etengabe ugaltzen zenez –beti untxiak edo untxi abortatuak–, Jhon Howard herriko medikuari deitu zioten. Hark, sinesgaitza bazen ere, egiaztatu zuen Mari eta bere seme untxien fenomenoa. Beste zirujau batzuei deitu, eta haiek ere naturaz gaindiko fenomeno hura onartu beste erremediorik ez zuten izan. Herrian gertatzen zena ez zen oharkabean pasa, ahoz aho zabaldu zen, baita medikuntzan ere. Britainia Handiko Jorge I.a erregearengana ere iritsi zen albistea, eta honek Nathaniel St. Andre konfidantzazko zirujaua bidali zuen ikertzera; Maryk benetan untxiak erditzen zituela ondorioztatu zuen. Gehiago izan ziren emakumearen baginara txangoak egin zituztenak, eta azkenik, ikerketa sakonak egin ostean, iruzurra zela egiaztatu zuten.
Antza denez, administraziotik diru laguntza lortzeko asmatu zuten trikimailu guztia. Eta nik –egunotan autoestimua jaitsi didaten eta gauza hauetarako nire ezintasuna berretsi didaten laguntza baterako tramiteak egiten aritu naizenez–, Toft emakumearen jarrera ulertu dut. Hain dira betetzeko zailak papeleoak eta arauak!
Magialdian, Neil Burgerren The Illusionist filma ikusi genuen, eta Marisol Ortiz de Zarate idazleak kontatu zigun pasadizo honetatik datorrela berez iruzurgile diren magoen txisteratik ateratzen diren untxiak. Geroztik, kantuak, komikiak, istorioaren bertsio paraleloak, aldaera geroz eta barregarriagoak sortu dira anekdota honen inguruan. Azkenean, ipuina bihurtu da.
Ipuinak ipuin, asteburuan, hilaren 23 eta 24an, Garaion Sorginguneko kideek antolatuta, hamargarren Ipuinen Eguna ospatuko dugu Ozetako Otaza auzoan. Beti bezala, Arabazaneko lagunak poz-pozik egongo gara bertan. Kontalariok badakigu zein zaila den gure lanbide hau kontuan hartua izatea eta arte eszenikoan zein ahozkotasunean merezi duen bezala baloratzea. Oso pozgarria da Garaionekoek gure disziplina hau besteen mailan jartzen dutela ikustea. Gugan sinisten dute, eta frogatzeko, kontalari profesional handiek erakutsi ahal izan dituzte euren espektakulu zoragarriak. Oraingoan ere hala izango da. Zatozte.
Itziar Rekalde.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.