Hilaren 20an ospatu dugun kontalaritzaren egunaren harira, zera datorkit burura... Emakume zahar bat egoten omen zen arratsaldero, plazako bazter batean eserita, kontu kontari. Hainbat ume eta gazte eskolatik irten, eta, merienda jaten zuten bitartean, haren kontakizunak entzutera hurbiltzen ziren. Helduak ere bazeuden entzuleen artean, eta hainbat andra zahar haren ondoan esertzen ziren, kontakizunari zerbait gehitzeko edo zuzentzeko. Gaixorik edo behar handiko zerbait egitekorik ez bazuen, falta barik heltzen zen hitzordua betetzera, berak eta gainontzeko nagusiek garbi zutelako kontaketek mundua benetan nolakoa den erakusten dutela. Bazekiten munduan zerbait aldatzeko baliagarriak direla ere. Horregatik, mendez mende, hitza bera ere existitzen ez zen garai haietatik, gizakiek mintzoan dihardute ingurukoak eta urrunekoak ulertu ahal izateko.
Istorioak aldatzen doaz behin eta berriro. Gizarte bakoitzera moldatzen dira, baina kontalari zintzoak badaki, oinarrian, bizitzaren esanahia daramatela. Hori ez zuten ahaztu, gehienok ahaztu badugu ere; ez Marshall McLuhanek, ez publizitate enpresek, ez agentzia iritzi-sortzaileek, ez multinazional handiek, ezta ezarritako botereek ere. Horregatik euren mesedetan aldatzen dituzte ipuinak, zoriontasunaren aitzakiaz.
Denbora, mendeak eta milaka urte igaro dira, eta atsoa leku berean ia beti bakarrik egon arren, gurekin jarraitzen du temati, ia ikusezin. Kontu kontari dihardu bizitza erakusten diguten istorioak kontatzen. Herriko plazan edo taula gainean arte eszenikoa bihurtuta, ahoz gora eta aurrez aurreko lilura sortuz.
Behin zera galdetu zioten kontalariari: "Aspaldi esan zenuen ipuinek mundua erakusten digutela eta ipuinek munduan zerbait aldatzeko bidea ematen digutela. Orduan jende ugarik egiten zizun kasu. Baina orain, ia bakarrik zaudenean, zergatik jarraitzen duzu kontatzen?". Eta kontalariak erantzun zuen: "Munduak alda ez nazan". Bai horixe, Horacio Guarany: Si se calla el cantor muere la vida...