Euskararen Nazioarteko Eguna sortu zenean, 1995ean, aldizkari ezagun batek euskalgintzan ari ginen hainbat laguni elkarrizketak egin zizkigun. Euskarak bizi zuen egoeraz eta etorkizun posibleaz galdetu ziguten kazetariek. Ez ditut gogoratzen galdera zehatzak, ezta zer erantzun nuen ere. Garbi nuen, ordea, lehendabizi irauteko, eta gero diglosiatik atera ahal izateko, geure hizkuntza zaharberrituak oraindik bide luzea zuela aurrean.
Hemen aitortu behar dut gabeziak lorpenak baino lehenago ikusteko joera daukadala. Baina ordurako, besteak beste, 1978tik Bai Euskarari kanpaina egiten zen, geure umeek D ereduko eskoletan ikasten zuten, euren irakasleek ere euskaraz ikasi ahal izan zuten Euskal Herriko Unibertsitatean, AEK eta IKA jo eta ke zebiltzan, martxan zeuden GEU elkartea eta baita Hala Bedi irratia ere, EITBk euskaraz eginiko ekoizpen propioak eskaintzen zituen, abendu oro Durangoko azokan erosten genituen literaturan eta musikan sortutako nobedadeak, Andoni Egañak bere lehen txapela irabazi zuen 1993an, eta, bi urtean behin, geure forma fisikoa neurtzen genuen Korrikaren kilometroetan. Ahal genuen guztietan, Delirium, Hertzainak, Kortatu, Su ta Gar, La Polla eta antzekoen kontzertuetan erresistentzia ariketak egiten genituen.
"Juventudes Antonianas elkartea sortu zuten fraideek, eta bertan, futbolin eta tokadisko gelan, euskarazko klase klandestinoak ematen zizkiguten"
Ebokazio txartela hartuta, nire haurtzarora eta nerabezarora joaten banaiz, zera aurkitzen dut: euskaraz aritzeko debekua, mojen zigorrak eta irainak euskaraz egiteagatik, edo Begotxuren amaren lotsa gazteleraz ondo ez zekielako, baserrietako neskatilak kaletarren etxeetara bidaltzen zituztenean gazteleraz ikasten señoritak bihurtzeko, edota alderantzizkoan, zelan joaten ginen Mañuko auzora aita Gotzonengana euskal kantak eta kultura deskubritzeko, Garbola mendizaleen elkartearen bidez. Ildo beretik, Juventudes Antonianas zeritzon elkartea sortu zuten fraideek gure herrian, eta bertan, futbolinen eta tokadiskoen gelan, euskarazko klase klandestinoak ematen zizkiguten. Mendiko txangoetan eta komentuko jardun haietan, ligatzen ere ikasi genuen, eta hizkuntza bizitzari lotuta egon behar dela, metodo esperimentala erabiliz, frogatu genuen. Aurkikuntza haiek asko animatu gintuzten euskararen alde jarraitzera.
Euskararen egoeraren diagnosiak eta sustatzeko urrats berrien planak beharrezkoak dira. Baina horiekin batera, perspektiba ez galtzeko, nondik gatozen eta izan diren hainbat heroi anonimoren istorioak entzuteko, jarri dezagun Belarriprest. Geureak edo ingurukoenak kontatzeko, izan gaitezen Ahobizi.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.