Beroa, beroa, beroa… Guztion ahotan dago egunotan hitz hori. Uda hasiberritan, badira ohiko beste gai batzuk, baina aurten beroa izaten ari da protagonista, hura da hizpide nagusia.
Egon gintezkeen, esaterako, eztabaidatzen edo erabakitzen zer egin eskolak amaitu dituzten seme-alabekin. Norekin utzi? Nora eraman? Udalekuren bat? Aiton-amonak? Izan ere, ez dira gutxi gai honek, ardura honek, ematen dituen buruhausteak ekainaren erdialdetik aurrera.
Edo, oporretara joateko aukera izanez gero (ahaztu egiten zaigu-eta jende askok ezin duela inora joan), egon gintezkeen nora joan edo zer egin erabaki nahian. Gai korapilatsua izan daiteke oporrena, bai horixe.
Beste asko, berriz, gure kaleetan dauden turista andanei buruz gaizki esaka ibiliko dira. Oraindik ekaina baino ez dela; lehen, etortzekotan, abuztuan soilik etortzen zirela… Halakoak ere barra-barra entzuten dira; uda hasierako beste gai klasiko bat.
Aurten, ordea, beroa da jaun eta jabe. Sentsazioa dugu bero sapak goizegi harrapatu gaituela, oraindik udan sartuak garela jabetu gabe kasik, eta (Arabako) kantauriar isurialdeko herritarrontzat gogorra da hainbeste egun jarraian izatea 35 gradutik gorako tenperaturak. Hamaika aplikazio eta iturri kontsultatzen ditugu egunero zer ordutan freskatuko duen jakiteko. Eta freskatzen ez badu… a zer atsekabea!
Bero kontuetan ere gure zilborrari begira bizi gara eta ez gara konturatzen, edo ez dugu konturatu nahi, beroa (ere) ez dela batere demokratikoa. Guztioi eragiten digu, bai, baina hari aurre egiteko baliabideak ez dira inolaz ere berdinak. Bada jendea, adibidez, aire girotua duena etxean, eta lanean ere baldintza klimatiko duinetan aritzen dena. Beste batzuk haizagailua, behintzat, erostea badute, eta horrek beroaldia eramangarriagoa egiten laguntzen die. Baina badira etxebizitza prekarioak dituztenak, pilatuta bizi direnak, kalean lan egin behar dutenak, eta igerilekurako sarrera bat erosteko komeriak dituztenak. Egunotan, horiekin gehixeago gogoratu beharko genukeela uste dut.
Irati Marañon.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.