Detektibeen edo misteriozko fikzioaren barruan bada genero berezi bat, "giltzatutako gelaren misterioa" deritzona (ingelesez: locked room mystery edo locked room mystery). Genero horretako kontakizunetan, bada, hilketa bat gertatzen da, eta, itxura batean, ezinezkoa da hiltzailea hilketa gertatu den tokira sartu izana, hilketa egin izana eta handik atera izana. Arrazoiak dira, besteak beste, hilotza agertzen dela leihorik gabeko gela batean, itxita dagoena barrutik, eta, hortaz, ezinezkoa dela hiltzailea handik alde egitea. Mota horretako istorio ezagunenak, ziurrenik, Edgar Allan Poeren Morgue kaleko hilketak eta Arthur Conan Doyle-ren zenbait ipuin dira, Sherlock Holmes protagonista dutenak, noski. Jakin ezazue, bide batez, horiek euskaraz irakurtzeko aukera dagoela.
Zertara dator hau guztia, galdetuko diozue zeuen buruari, ezta? Kontua da jende despistatua, sarri, horrelako egoera misteriotsu baten protagonista sentitzen dela. Eta ongi dakit nik sentimendu hori zer den, ni ere despistatuen multzokoa naiz eta. Hau da, despistatu batek maiz ikusiko du bere burua egoera honetan: zerbait galdu du toki itxi eta txiki batean, eta ez du topatzen. Txoko guztiak miatu ditu, behin baino gehiagotan, eta hamaika aldiz atera ditu gauzak poltsatik edo dena delakotik, baina, halere, galdutakoa ez da ageri. Nola da posible? Norbaitek hartu ote du? Ez, ez da beste inor egon toki horretan. Mamu batek hartu du? Desagertu egin da, eta beste dimentsio batera joan? Ez du uste, ezinezkoa baita, baina kontua da objektu hori ez dagoela han, ezin duela aurkitu. Orduan hasten da despistatua pentsatzen non ikusi zuen azkenekoz, non utzi ohi duen, non egon daitekeen… Eta orduantxe hasten du ikerketa bat, detektibea izango balitz bezala. Eta, gehienetan, aurkitu egingo du galdutakoa, baina batzuetan ez, eta halakoetan irudituko zaio, eta sinistuko du, errealitateak oraindik baduela alderdi misteriotsu bat, ifrentzu bat, eta dena ezin dela ulertu ikuspegi arrazional batetik.
Irati Marañon.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.