Iritzia

David

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2025eko otsailaren 15a

Argazkia: I. Marañon.

"Ez izan beldurrik, utzi aurreiritziak alde batera, eta ikusi David Lynchen filmak"

Ilunabar eder-eder batez gozatzen ari nintzela izan nuen David Lynchen heriotzaren berri, urtarrilaren erdialdean. Eta jakin bezain laster pentsatu nuen hari izugarri gustatuko litzaiokeela eszena hura. Laranjaren eta beltzaren arteko kontraste dramatikoa, isiltasuna, eta misterio puntu bat… Lynchen zinemaren osagaiak ziren haiek guztiak, zalantzarik gabe.

Kontsumo azkarreko irudien eta titularren garai honetan, gaur egun nagusi den azalkeriaren aldean, arnas luzeko zinema da Lynchena. Zinema egiteko modu bat behartzen zaituena arreta jartzera pareta baten kolorean, protagonisten jantzien testuretan eta materialetan eta musikan.

Lynchek errealitatearen ifrentzua erakusten digu. Gure bizitzaren alde iluna, desatsegina, durduzagarria… eta horregatik, batzuetan, zaila egiten zaigu kontatu nahi digunaren hariari jarraitzea. Baina horrek egiten du, hain zuzen, interesgarria haren lana. Izan ere, ez al dira horrelakoak ametsak? Ametsak, bai, egunerokoan ezkutuan dugun gure alderdi horretara hurbiltzeko daukagun modu bakarrenetako bat. Horregatik esan daiteke Lynchen filmak ametsak forjatzen diren materialarekin eginak daudela (neure egin ditut hemen Joxe Ripiau taldearen abesti ezin ederrago baten hitzak).

"Lynchek errealitatearen ifrentzua erakusten digu. Gure bizitzaren alde iluna, desatsegina, durduzagarria…"

Inauteriak dira gure alde groteskora hurbiltzen beste bide bate, beste ate bat. Herri-inauteriek asko dute telurikotik, estrainiotik… Pentsatu nahi dut Lynch gustura egongo litzatekeela Euskal Herriko inauterietan. Lasai asko irudika dezaket Momotxorroen artean edo Unanuko maskarak, ("mamoxarroak”, alegia) probatzen. Eta uste dut gozatuko lukeela Markitos edo Miel Otxin nola erretzen dituzten ikusten edo joaldunen kadentzia behatzen.

Horregatik, inauteri garaia hurbiltzen ari den honetan, gonbidapen bikoitza egin nahi dizuet. Ez izan beldurrik, utzi alde batera aurreiritziak, eta ikusi David Lynchen filmak. Eta, aldi berean, joan zaitezte herri-inauteriren batera. Bi esperientzien bidez hurbilduko zarete gizakiak bere-berea duen zerbaitera. Zerbait hori kontzientziaren eta inkontzientearen artean mugitzen da eta ezin erakargarriagoa da.

Irati Marañon.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago