Iritzia

Ez da detaile xume bat

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2024ko urr. 12a, 10:00

Argazkia: I. Marañon

"Letren babesa bilatu dut, literatura ere badelako gatazkara hurbiltzeko modua"

Urtebete. Urtebete daramagu jada herri bat nola suntsitzen ari diren ikusten. Gauza jakina da (edo izan beharko luke) sarraski hori, azpiratze hori, ez zela duela urtebete hasi, baina uste dut orain arte ez dela inoiz hain luzaroan erakutsi palestinarrek jasan behar duten eguneroko odoltsua.

Batzuok auzo-lotsa sentitzen jarraituko dugu Mendebaldea deritzona izaten ari den jarrerarekin, eta amorrua, eta etsipena. Beste batzuei, ordea, ezer gutxi axolako zaie han gertatzen ari dena. "Urruneko kontuak dira; jende horrek zerikusi gutxi du gurekin", esango dizute.

Urteurren honetan, bada, hamaika izanen dira hedabideek inguru hartara (gehienbat Jerusalemera, egia esan) bidaltzen dituzten berriemaileak, eta hamaika erreportaje prestatuko dituzte gaiaren inguruan.

Sentsazioa dut, baina, irudi gordinak hain maiz ikusteak ez ote gaituen bultzatzen sufrimendura ohitzera eta hura normalizatzera. Horregatik, ikusizko estimuluetara jo ordez, letren babesa bilatu dut, literatura ere badelako (eta izan behar duelako) gatazka horretara hurbiltzeko modu bat. Eta ez nolanahikoa, gainera!

Izan ere, orain gutxi ekarri du euskarara Aitor Blanco itzultzaileak Adania Shibli idazle palestinarraren Detaile xume bat lana. Detaile ustez xume bat abiapuntu hartuta, 1948tik gaur egunera arte dirauen bortxazko continuumaren lekukotza ezin gordinagoa egiten du, eta horretarako nahikoa ditu 150 orrialde. Frankfurteko Liburu Azoka entzutetsuaren iazko edizioan Shibliri sari bat ematekoak ziren, baina bertan behera geratu zen, "Israelgo gerra" zela eta (hitz horiek erabili zituzten sariaren antolatzaileek, bai). Hain zuzen, azokako zuzendari Juergen Boss-ek adierazi zuen azokak erabateko elkartasuna adierazten ziola Israeli eta irmoki gaitzesten zuela Hamasek Israeli eragiten zion terrorea. Adierazpenok iazko urrikoak dira.

Ikusten duzuenez, batzuen eragina zoko guztietara iristen da, baita literaturaren eremura ere, eta horregatik ekintza ustez "xumea" bada ere, liburu hori irakurtzeak badu asko elkartasunetik eta erresistentziatik.

Irati Marañon.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago