Ez da erraza, gero, irakurle porrokatua izatea! Eta, bai, oraindik ere bada halakorik. Okurritzen zait irakurle amorratu bati estresa eragiten dion egoera bat baino gehiago.
Horietako bat da, esate baterako, ez izatea une oro eskura irakurgairen bat. Izan ere, irakurle porrokatu batentzat, edozein abagune da ona zerbait irakurtzeko, eta harrapatua daukan testuari beste hozkada bat emateko. Horregatik larritzen da itxarongela batean egon behar duenean, edo trenean, edo norbaiten zain, eta ez duenean eskura irakurtzeko ezer. Horrek esan nahi du irakurle amorratu oro saiatuko dela bizkar-zorroan, poltsan edo ditxosozko tote bag-ean beti sartzen liburu bat. Baina, aizue, hura ere despistatu egiten da batzuetan, eta ahaztu egiten zaio irakurtzeko premia (edo aukera, nahiago baduzue) edozein unetan sor daitekeela.
"Irakurle amorratu oro saiatuko dela bizkar-zorroan, poltsan edo ditxosozko tote bag-ean beti sartzen liburu bat"
Hona, bada, beste egoera desatsegin bat: oporretako maletan zer liburu sartu behar duen erabaki behar izatea. Izan ere, asko dira kontuan hartu beharreko irizpideak. Eta ez, oporretarako ez du edozein liburuk balio. Horregatik ezin du bat bakarrik eraman. Hark huts eginez gero, zer? Liburu-denda batera joan beharko luke material bila, eta hori da, hain zuzen, irakurle amorratu orok saihestu behar duena. Arrazoia ez da, inondik inora ere, ez dituela liburu-dendak maite, baizik eta hara joanez gero, ziurrenik, liburu sorta bat eskuan irtengo dela. Eta, gero, etxera itzultzeko komeriak!
Eta, gaurkoz, azkena: liburuak gomendatzeko egiten dizkioten eskaerei erantzun behar izatea. Hori bai buruhaustea! Irakurle amorratu gixajoak oso maiz entzun behar ditu gisa honetakoak: "Lagun bati liburu bat oparitu nahi diot; zein, baina?". Eta irakurle amorratuak bere golkorako pentsatzen du: "Hobe duzu beste zerbait oparitu. Izan ere, lagun bati liburu bat oparitzea otu bazaizu, horrek esan nahi du lagun hori irakurle amorratua dela, edo are irakurle fina, eta ez zaiola edozein liburu gustatuko". Eta horregatik sortzen zaio ezinegona gomendioa eman behar duen irakurle amorratuari; hau da, badakielako oso zaila dela liburu batekin asmatzea, gauza gutxi baitira gustu literarioak baino pertsonalagoak. Hortaz, errukitu zaitezte, arren, irakurle amorratu horiekin, eta ez itzazue ataka horretan jarri.
Irati Marañon.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.