Demagun Araba iparraldeko herri batean bizi zarela, 10.000 biztanle ingurukoa eta Bilbotik 30 bat kilometrora. Euskara aspaldi galdu zen han, XX. mendearen hasieran, ziurrenik; apur bat beranduago, akaso. Gaur egun, ordea, ezagutza datuak oso onak dira, bikainak, batez ere 40 urtetik beherakoen artean. Erabileran, tamalez, herren dago euskara, eta egoera berean daude euskara berreskuratzen ari diren beste eremu batzuk.
Ikastetik erabiltzera, horra hor gakoa, edo beste modu batean esanda: eskolatik, kalera. Bide horretan, bada, soziolinguistek eta euskararen normalizazioan adituek hamaika aldiz esan dute eremu akademikoa ez dela aski euskaldunak sortzeko; hiztun potentzialek aldeko ekosistema bat behar dutela. Eta ekosistema horretan sartzen dira, noski, komunikabideak.
Aipatutako herri horretan, ordea, ez zen euskara hutsezko komunikabiderik, eta hara non, 2009an aiaraldea.com sortu zen (egun, aiaraldea.eus). Formatu erakargarri batek lagunduta, eta hainbat euskarri baliatuz, herri horren eta eskualde osoaren berri eman nahi zuen proiektua, alegia. Boluntario ameslari batzuek ereindako haziak fruituak eman zituen urteen poderioz, eta paperera ere jauzia egiteaz gain, Aiaraldea Kooperatiba Elkartea eratu zen 2020an eta Faktoria ireki zen 2021ean. Helburua gizartean ahalik eta esparru gehienetan eragitea da (hezkuntza, feminismoa, elikadura subiranotasuna…), eta euskaraz eragitea, gainera; eta horretarako funtsezko tresna da komunikabidea.
Herri horretako Udalak, tamalez, alde bakarrez erabaki du Aiaraldeari 2012az geroztik ematen zion dirulaguntza bertan behera uztea. Ematen duen argudioa da uste duela Aiaraldea Faktoria diruz laguntzen jarraitzeak lehia desleiala eragiten diela horrelako laguntzak jasotzen ez dituzten tokiko ekintzaileei. Eta hori gutxi ez, eta gehitzen du ezin dela onartu merkataritza-jarduerak dibertsifikatu dituen enpresa pribatu batek jatorriz euskara sustatzeko funts publikoak jasotzea. Aurpegia behar da gero!
Amurrioko Udalak, tamalez, alde bakarrez erabaki du Aiaraldeari 2012az geroztik ematen zion dirulaguntza bertan behera uztea
Argudiook ez dute ez hanka ez buru, eta Txabi Alvarado kazetariak primeran desmuntatu zituen aiaraldea.eus-en irakur daitekeen iritzi artikulu batean. Besteak beste dio Amurrioko Udaletik jasotzen diren 6.000 euroak komunikabidearen jardun publikoa finantzatzera bideratzen direla ehuneko ehunean, eta ez dela dirurik sobratzen. Izan ere, "Amurrioko Udalarena diru publikoa da, eta interes publikorako erabili beharko litzateke. Aiaraldean euskarazko beste komunikabide bat sortuko balitz, eskubide bera izango luke diruz lagundua izateko. Baina, zoritxarrez errealitatea oso bestelakoa da".
Irakur itzazue bi testuok eta erabaki zeinen aldera lerratu nahi duzuen. Amurrion euskara normalizatzearen alde sekulako lana egin duen eta egiten ari den proiektu baten alde edo ustez abertzalea den udal batek (ez dezagun ahantz EAJk gobernatzen duela Amurrion) hartutako erabaki lotsagarri baten alde.
Irati Marañon.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.