iritzia

Uretan

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2024ko api. 13a, 10:00

Argazkia: PIXABAY

"Igeriketak ekarri didan gauzarik onena, zalantzarik gabe, ikastaroaren osteko solasaldia da"

Iraila erabakiak hartzeko hilabetea izan ohi da. Ohiturak aldatzeko, zerbait berria ikasten hasteko, geure buruari erronkak jartzeko… unea izaten da. Iazko irailean hartutako erabaki horietako bat izan zen auzoko igerilekuan izena ematea.

Aspalditik neukan asmoa igeriketari berriz ekiteko. Igerian banekien, baina ez nengoen lasai uretan, tentsioak jota ibiltzen nintzen, eta gauza jakina da horrek onura baino, kaltea eragiten diola bizkarrari. Dena den, nik taldean egin behar ditut kirol jarduerak. Ez naiz gai neure kabuz, eta bakarrik, aritzeko. Motibazioa behar dut, eta niri taldeak ematen dit motibazioa. Horregatik eman nuen izena hastapenetako ikastaro batean, asmoa bainuen urteetako inertzia txarrak desikasteko.

Eta a zer ezusteko ederra hartu dudan! Ez dakit urak zer demontre duen; sinetsita nago baduela asko terapeutikotik (agian horregatik gozatzen dut hainbeste bainuetxeetan), baina ikastarotik pozarren irteten naiz, energiaz lepo.

"Bat bulgariarra da, eta Txoriak txori abestea maite du. Beste bat Ekuadorrekoa, eta ilobetako bat futboleko izarra izatea du amets"

Baina onura fisikoez harago, igeriketak ekarri didan gauzarik onena, zalantzarik gabe, ikastaroaren osteko solasaldia da, aldageletako dutxan. Duela hilabete batzuk elkar ezagutzen ez zuten emakume batzuk —are gehiago, igeriketagatik ez balitz, ziurrenik, sekula kointzidituko ez luketen emakume batzuk—, biluzik, honetaz eta hartaz kalakan. Bat bulgariarra da, eta Txoriak txori abestea maite du. Beste bat Ekuadorrekoa, eta ilobetako bat futboleko izarra izatea du amets. Beste bat, hura ere hegoamerikarra, larrituta dago. Mutil-lagunarekin utzi du, eta etxe bila dabil, haren etxean bizi izan da-eta orain arte. Bada argaldu nahi duenik ere, ahizparen ezkontzarako begiz jota duen soinekoak ongi ematea nahi baitu.

Aldagela batetik nekez aldatuko dugu mundua, kostako zaigu gizartea iraultzea, baina emakume horiei esker, eta haiekin ditudan solasaldien bidez, nigandik oso urrun dauden errealitate, arazo eta ikuspegi batzuk ezagutu ahal izan ditut (eta ezagutzen jarraitu nahi dut). Eskerrik asko, neskak!

Irati Marañon.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago