Puri-purian dago true crime delakoa. Genero hori ez-fikziozkoa da, asko baitu dokumentaletik, eta benetako krimen bat izaten du aztergai. Ikus-entzunezkoetan du oihartzun handiena, podcastetan eta streaming plataformetan, eta izugarrizko arrakasta dauka. Entzuleak eta ikusleak Ameriketako Estatu Batuetako edo Eskandinaviako herrialdeetako istorio ilun eta ezin odoltsuagoekin liluratuta daude. Sektak, ustez jatorrak ziren auzokoak, familia arrunten barruko drama pentsaezinak… Askotarikoak dira genero honetako protagonistak.
Zergatik joan behar dugu, ordea, hain urrun? Zergatik ez ditugu bilatzen true crime-aren zantzuak euskal literaturan?
Izan ere, oso denbora gutxian irakurri ditut nik true crime delakoetan oinarritutako hiru liburu euskaraz, estatu krimenetan oinarritutakoak gainera, eta hain gertukoak izateak are beldurgarriagoak egiten ditu. Ba al da ezer espantagarriagorik ustez herritarrak zaintzeko ardura dutenek baliatzen duten indarkeria baino? Krimenon egileak zein izan diren kontuan hartuta, bestalde, ausartuko nintzateke esatera istorioek historiarako jauzia egiten dutela obra hauetan.
"Arras desberdinak dira estiloaren, narratibaren eta are tonuaren aldetik, baina hiruak iruditzen zaizkit irakurri beharrekoak"
Naparraren desagerketa, hil arte torturatu zuten Joxe Arregiren kasua eta Irunberriko arroilako gertaera tragikoak dauzkate hizpide liburuek, eta haien egileak dira, hurrenez hurren: Jon Alonso, Xabier Mendiguren eta Pako Aristi. Naparra, Kasu irekia 2020koa da, eta beste biak –Oso latza izan da eta Irunberri, 1990: arroilaren negarra, alegia– 2023koak.
Memoria ariketa ezinbestekoak iruditzen zaizkit hiru liburuok, eta horregatik gomendatzen dizkizuet. True crime bortitzenen adibide dira, eta oso lan ausartak, saiatzen direlako argitzen luzaroan ezkutatu nahi izan dizkiguten kasu batzuk, eta inolako erraztasunik gabe, ziurrenik. Bejondeiela!
Arras desberdinak dira estiloaren, narratibaren eta are tonuaren aldetik, baina hiruak iruditzen zaizkit irakurri beharrekoak, eta ez bakarrik gertaera horien lekuko bertatik bertara izan zirenentzat baizik eta, baita ere (eta batez ere), haiek bizi ez baina gure herriaren iraganean interesa duen edozeinentzat.
Irati Marañon.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.