Bi hitz: zerrenda eta udazkena; zehazki, Gazako zerrenda, hura baita tamalez udazken honetako protagonista. Han ez dute, ez, eztanda egiten udazkeneko koloreek, ezpada bonbek eta sufrimenduak. Ez dut nire burua gai ikusten —besteak beste, nire posizio pribilegiatua dela eta— Israel han egiten ari den sarraski genozidari neurria hartzeko, ez eta Gazako herritarrak jasaten ari direnaz jabetzeko ere. Irmo salatzen dut, noski, hori guztia, eta lotsa ematen dit Mendebaldeak Palestinarekiko duen jarrerak, baina ez dut nahikoa tresnarik horri buruz idazteko.
Horregatik, barkatuko didazue atrebentzia (edo are fribolitatea) baina beste zerrenda bati buruz hitz egin nahi dizuet. Izan ere, orain arte, Entzia, Urbasa eta Andia mendiek osatzen zuten zerrenda zen udazkeneko protagonista nire mundu-ikuskeran. Euskal Herriaren bizkarrezurra da zerrenda hori, mendigune hori, eta esango nuke udazkena dela hura bisitatzeko urte-sasoirik onena. Opakuan hasi, Araban, eta Goñibarreraino iristen da, Iruñerriaren atarian. Alde bat begira du Arabako Lautadaren azken muturrera (Agurain eta Asparrena), Sakanara eta Aralarrera, eta bestea Amezkoara, Lokizera, Gesalaz aldera eta Olloibarrera. Hamaika txoko eder dauzka: Legaireko saroia, Toberiako ur-jauziak, Santa Marina eta San Adrian ermitak, Beriaingo gailurra…
"Orain arte, Entzia, Urbasa eta Andia mendiek osatzen zuten zerrenda zen udazkeneko protagonista nire mundu-ikuskeran
Eta esan bezala, udazkenean inoiz baino ederrago ageri dira hango basoak. Sasoi honetan da agerikoen naturaren indiferentzia gizakion jarrerarekiko. Hari bost axola zaizkio gure gatazkak, kezkak, kalapitak… Berezko zikloei lotzen zaie, gure dramei entzungor. Horregatik da umiltasun ariketa bat paseotxo bat egitea mendian udazkenean. Hostoek kolore zoragarriak hartzen dituzte, goroldioa fresko eta ezin berdeago dago, orbelak alfonbra miragarriak sortzen ditu eta nonahi hazten dira onddoak eta perretxikoak. Eta horretan guztian ez dago gizakiaren esku-hartzerik. Naturak ez gaitu behar.
Gustatuko litzaidake, bai, udazkena mendiarekin lotzen jarraitzea, eta ez Gazako sarraskiarekin. Baina, tamalez, honek luze joko duela iruditzen zait.
Irati Marañon.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.