Ni ez naiz nor esateko Atlasa ezagutzen dudala. Hara egindako hiru bidaiek ez didate inolako autoritaterik ematen hango errealitateaz, hango jendeaz eta hango bizi-baldintza gogorrez hitz egiteko. Are gehiago, gainera, han izan ditudan hartu-emanak ez direnean egon berdintasunean oinarrituta; hau da, solaskideen egoerak eta nireak ez dutelako zerikusirik. Hara joaten garenok, nahi ala ez, botere posizio batetik abiatzen gara. Iparraldekoak gara, zuriak, eta dirudunak (mendi-zeharkaldi gidatu bat ordaintzeko adina diru badugu, behintzat) eta horrela nekez sor daiteke harreman orekaturik (halakorik egiazki badagoen ere eztabaida genezake, baina hori beste baterako utziko dugu). Eta, halere, izugarri triste jarri nau han izandako lurrikarak.
Badira toki batzuk norberaren bizitzako paisaiaren parte direnak, eta niretzat Atlasa da horietako bat. Mendia maite duen orok joan beharko luke noizbait amazigen lurralde malkartsura. Herrixkak, arroilak, tontorrak… Ezin ederragoa da hura. Gidari batek eta mandazainek lagunduta, tipi-tapa, bailaraz bailara, oso zoriontsuak izan gara laguna eta biok. Abentura itzela da, eta etxetik ez oso urrun, gainera.
Horregatik jarri naute triste, oso triste, lurrikararen irudiek. Ondo ote daude han ezagututakoak? Fruitu lehorrak eta ur tragoxka bat ematen zizkiguten gidak, afari goxoak prestatzen zizkiguten mandazainak, beren etxean lo egiten uzten zigutenak, haien seme-alabak, errekan alfonbrak garbitzen ibiltzen ziren emakumeak... Onik ote daude? Bizirik?
Eta zer egin dezakegu haiei laguntzeko? galdetzen diogu geure buruari Iparraldeko posizio pribilegiatutik. Izan ere, horrelako hondamendiak gertatzen direnean, turista, mendizale edo dena delakoek ziztu bizian alde egiten dute, lehenbailehen iritsi ahal izateko aireportura, eta handik, etxera. Etxera, bai, haiek badute-eta nora itzuli. Hondamendiaren biktima izan direnek, ordea, dena galdu dute. Eta han geratzen dira. Han geratu behar dute. Turistak, mendizaleak edo dena delakoak berriro noiz agertuko zain. Te bat eskaintzeko, irribarrea ahoan.
Irati Marañon.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.