Iritzia

Eskerrik asko, Joan Mari

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2023ko mai. 27a, 10:00

Joan Mari Irigoien. / Arg: Dani Blanco

"Ez dakit zeinek gomendatuta heldu nion lan horri, baina txundituta utzi ninduen"

Erroman nengoela izan nuen Joan Mari Irigoienen heriotzaren berri. Non, eta Erroman, bai, eternitatearen isla, metafora, sinbolo edo, nondik begiratzen zaion, ifrentzu den hirian, eta haren aipu batekin oroitu nintzen:

"–Eta zer izan zen, ba?

  –Eternidadea, Margari: deus izatekotan horixe bait da eternidadea: kandela bat, arrosa bat eta hilaren arnasa zure arnasa biziaren gainean kulunka".

Babilonia nobelatik aterata daude hitz horiek. Babiloniatik, bai, nire irakurle ibilbidean mugarria izan zen obratik. Beti kontatzen dut gauza bera: 16 urte nituen nobela hori irakurri nuenean. Ordurako oso gogoko nuen irakurtzea, baina, gehienbat, gaztelaniaz irakurtzen nuen. Ez dakit zeinek gomendatuta heldu nion Irigoienen lan horri, baina txundituta utzi ninduen, eta haren prosa funtsezkoa izan zen ni euskal literaturara hurbiltzeko. Eta horregatik egongo natzaio eskertuta beti, eternoki (sic). Babilonian natura dago, baina baita desarrollismoaren hastapena ere. Eta hiltzen ari den kosmobisio bat, eta familien arteko eta barruko gatazkak, eta karlistak, eta liberalak. Eta maitasun handia; maitasuna pertsonei, eta inguruari, eta are hizkuntzari berari ere. Eta daude kameliak, eta nik izugarri maite ditut kameliak.

Asko dira egunotan Irigoienen figura goratu dutenak, eta batez ere haren aldartea eta bizipoza nabarmendu dutenak (ba al da omenaldi hoberik?). Asko dira, baita ere, haren literaturaz mintzatu direnak, eta haren ezaugarriak aletu eta aztertu dituztenak.

Nik ez nuen ezagutu, eta ez naiz inondik ere literaturan aditua, baina txoko hau probestu nahi, esan bezala, eskerrak emateko. Ez dakit Irigoien inoiz egon ote zen Erroman, ez dakit hango hondarrek eta kaleek zer gogoeta piztuko zizkioten, baina nik hari eskaini nion hirian barna egin nuen azken paseoa. Merezi zuen, bai horixe.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago