Honela definitzen du Wikipediak "arrakala digitala" terminoa: Arrakala edo eten digitala maila sozioekonomiko desberdinak dituzten gizabanakoen, familien, eremu ekonomikoen eta geografikoen arteko desfasea edo banaketa da, bai informazioaren eta komunikazioaren teknologietara iristeko aukerei dagokienez, bai Internet askotariko jardueretarako erabiltzeari dagokionez.
Definizio horrek, ordea, ez nau asebetetzen, adinaren faktorea ere kontuan hartu beharko luke eta. Izan ere, gerta liteke askotariko gailuak eta Interneterako sarbidea ordaintzeko nahikoa diru izatea, baina ez jakitea horiek erabiltzen. Eta nire inguruan arazo hori adin batetik aurrerakoek pairatzen dute. Gauzak modu telematikoan tramitatu behar izatea ohitura bilakatu da Administrazioan, bankuetan eta toki guztietan, eta are gehiago zabaldu da, gainera, pandemiaren ostean. Eta asko noraezean dabiltza, klikatu beharreko aukeren eta onartu beharreko laukitxoen artean galduta. Ez dute ulertzen zergatik utzi zaion aurrez aurreko arreta emateari eta zergatik inposatu zaien gauzak egiteko eredu hori.
Amari aurrekoan aipatu nion "arrakala digitala"rena. Eta erantzun zidan bera "arrakala" batean baino, gehiago sentitzen zela "arroila" batean sartua. Arroila batean hondoratuta, bai, eta beste guztiak –agintariak, bankuetako jabeak eta enparauak– haren lepotik –eta guztion lepotik, egia esan– barrezka ari direla goiko aldetik. Oso metafora aproposa iruditu zitzaidan, jende askok sentitu behar duenaren adierazle. Ez dirudi, gainera, gauzak aldatuko direnik. Horregatik eskatu nahi dizuet, txoko xume honetatik, gure nagusiak laguntzeko tramite telematikoak egiten. Izan ezazue pazientzia, izan zaitezte enpatiko, eta ez ahaztu haiek ere ondoan izan genituela eta izango ditugula une zailenetan. Gu erraz samar moldatzen gara kontu hauekin –momentuz bai, behintzat– eta ez dut uste sekulako ahalegina eskatzen digunik haiei laguntzeak. Zor diegu, ezta?
Irati Marañon.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.